Negozioak, eguraldiak itota

Kafetegietako terrazak hutsik egon dira atzora arte, eta dendak udako arropa saldu ezinik dabiltza. Nekazariek ez dute abereak elikatzeko belarrik. Sektore guztiei egin die kalte.

LEIRE VENTAS / ENEKO BIDEGAIN DONOSTIA / BAIONA
2008ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Eguzkia da zeruan bigarren egunez jarraian. Aparteko giroa, ipar haizearekin. Sano-sanoa. «Neguan bezala gabiltza», uste du, ordea, Aloha kafetegiko nagusi Maite Arribasek. Zarauzko (Gipuzkoa) malekoian daukan terrazako pare bat mahai baino ez dago beteta goizeko 10:00etan: erretiratu bikote bat ebaki banarekin eta atzerritar familia bat gosaritan. Ondoko bost kafetegietanantzekoa da panorama. Hondarretan dago jende gehiago, bainujantzia soinean, belzten.

«Hondartzara doa korrika mundu guztia», dio Arribasek.Terraza daukaten negozioentzat emankorrena izan ohi den hilabetea pasatu berri da. Maiatzean ez du oraindik bikinia janzteko moduko berorik egiten, baina ezta hotz handirik ere. Paseatzera irteten da jendea, eta freskagarri batekin lagundutako pintxo bat jateko tartea hartzen du. Malekoian, mahaietan eserita. Aurtengo maiatza, ordea, ez da paseatzeko modukoa izan. Ez behintzat aterkirik gabe. «Onena beharko lukeen hilabetea galdu dugu, eta beste bat galtzear gaude», dio. Horren aurrean, uda garairako zerbitzariak hartu ere ez ditu egin. Denboraldi horretako -lau hilabete, iraila osoa ere barne- maiatzean osatu ohi dute plantilla gisa horretako negozioek. Aurten ordea, uztailera arte eta zenbaitek abuztura arte atzeratuko dute kontratatzea. Bitartean, Arribas bera dabil, erretilua eskuan, bezeroei kafeak ateratzen: «Nagusia naiz, anaiarekin batera, eta biok aritzen gara goizetik gauera lanean». Izan ere, 1.200 euroko soldata dute zerbitzariek, eta1.600 kobratzen du hilean sukaldariak. Eta Arribasen hitzetan, joan den hilean ez dute batere irabazi, «ezta gastuak estaltzeko ere».

Udako denboraldian bildutakoarekin urteko jarduna estaltzen dute horrelako kafetegiek. Aurten, eguraldi eskasak aurrezteko joera indartu du.Motelaldi ekonomikoaren eragina indartu, beraz. Aloha kafetegiko nagusiak 10 urte daramatza ostalaritza munduan lanean, eta ez du aurtengoa bezalako urterik ezagutu. Ziurtasunez dio: «Amore ematear nago».



UDAKO ARROPA SALDU EZINIK. Arropan %30eko deskontua. Merkealdi ofizialetarako hilabete falta da, baina Donostia zentroko erakusleihoek eskaintza bereziak iragartzen dituzten. Bell’s dendan halako kartel bat dago itsatsita. «Merkealdiak atean eta gu udako generorik batere saldu gabe», kexu da hango nagusi Max Monso. Bainujantzi pare bat dago zintzilik, triste. «Jendeak ez du hondartzarako arroparik eta osagarririk batere eskatu».Etengabeko soka da, Monsoren ustez: euria eginez gero, sandaliarik ez da erosten. Poltsa berririk ere ez, beraz, haiekin ongi datorrenik. Iaz baino%15 gutxiago saldu dute Bell'sen aurten.

Dena den, eguraldi eskasaren eragin kaltegarria giro ekonomiko txarrean disolbatu dela uste du Don Pascual arropa dendako gerente Javik. «Udako denboraldia oso laburra izan da beti euskal dendariontzat, gainera». Urteko jardueraren %65 neguko salmentek osatzen dute. Horregatik, udako denboraldia ahalik eta laburrena egiten saiatzen dira dendariak, eta abuztu bukaeran hasten dira neguko salgaiak erakusleihoetan zintzilikatzen. «Txamarrak eta jakak garestiagoak dira, eta udan praka motxekin eta pare bat elastikorekin osatzen gara». Hori aurreikusita ere, aurten iaz baino %2 gehiago soilik salduko dutela uste du gerenteak. Ez dirudi emaitza txarra. Don Pascualeko gerentearen arabera, ordea, «ondo bagina, %7 gehiago salduko genuke». Jaunartzeak eta ezkontzak izaten diraeuriak itotakoarropa saltzaileentzat flotagailu.



LEHEN SEKTOREAN ERE KALTEAK. Laborariek ere behar baino hilabete bat beranduago hazi dituzte belarrak, aurten, euriarengatik. Baxenabarreko laborariak maiatzaren 20 eta ekainaren 15 bitartean aritzen dira belarrak mozten, abereek neguan bazka izan dezaten. Atzo arte ezin izan zuten belarrak egiten hasi. Hilabete horretan, belarra hazi da, baina txartu ere bai, lastotzen hasteraino. Belar horrek energia eta kalitatea galdu ditu, eta litekeena da abereentzat nahikoa ez izatea eta, belarraz aparte, zerbait gehiago eman behar izatea. Horrek gastu ekonomikoak eraginen dizkie laborariei.

Bestetik, lehen belarrak moztu ondoan, bigarren belarra sortzen da, oraino belar finagoa, ardientzat erabiltzen dena. Belarrak berandu moztuz, bigarren belar hori ere beranduago haziko da. Laborariak beldur dira udan bero sapa edota lehorra egiten badu, bigarren belar hori ez dela nahi bezainbat haziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.