Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabal Egunkaria-ko atal ekonomikoan auzipetutako lagunak «nekatuta» daude. Izan ere, Egunkaria auzia hasi zenetik zortzi urte igaro dira, eta oraindik amesgaiztoa ez da bukatu. «Nekatuta gaude, zortzi urteko sufrimenduabukatzeko desiratzen». Hala adierazi dio BERRIA telebistari Sorozabalek.
Egunkaria-ko atal ekonomikoan auzipetua egoteak urte hauetan eragin dion oinazea handia izan da. «Azken zortzi urte hauek baldintza berezietan bizi izan ditugu, batzuk bermepean aske gaude, ondasunak bahituta dauzkagu eta kontu korronteak blokeatuta». Sorozabalen esanetan, «astuna eta luzea» izaten ari da Egunkaria auzia.
Hala ere, aitortu du Egunkaria-ko atal ekonomikoa Donostiako epaitegian epaitzea albiste ona izan dela. «Lehen gauzak oso beltz ikusten genituen, eta orain askoz ere hobeto ikusten ditugu». Hala, Sorozabal baikorra da epaiketari begira.
Iritzi berekoa da Joxe Mari Sors ere. Haren aburuz, Egunkaria auziko atal ekonomikoak ez zuen inoiz hasi behar. «Erabaki politiko baten ondorioak pairatzen ari gara», salatu du auzipetuak. Gainera, auzia ireki zenetik pairatutako «sufrimendua» handia izan dela azpimarratu du. «Zortzi urte hauetan, norberak ez ezik, familiak ere asko sufritu du, eta horrekin bizi behar izan dugu».
Edonola ere, itxaropenerako eta baikor izateko arrazoiak egon badaudela uste du Sorsek. Haren irudiko, «abantaila» izan da Egunkaria-ko atal ekonomikoa Donostiako epaitegian epaitzea, are gehiago Egunkaria auziaren epaia absoluzioa izan eta gero. Gainera, azpimarratu duenez, epai hori «irmoa» izan zen, Egunkaria-reneta ETAren artean loturarik ez zela egon argi eta garbi frogatu zuelako. Hortaz, orduan bezala, orain ere auzi ekonomikoaren atala ongi bukatuko den esperantza dutela azaldu du Sorsek.
«Nekatuta gaude, sufrimendua bukatzeko desiratzen»
Joxe Mari Sors eta Mikel Sorozabal auzipetuak itxaropentsu daude epaiketari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu