Atzo hasi ziren Baionako bestak. Hasi eta berehala, ordea, gertaera batek ospakizuna belztu du. Bart gauean sexu erasoa jasan duela salatu du gazte paristar batek, Paul Bert plazaren inguruan. Maina indarkeria sexistaren aurkako prebentziora bideratutako gunera jo zuen erasoa pairatu zuen 16 urteko gazteak, gertatutakoa kontatzeko eta erasoaren lekukotasuna emateko.
Testigantzaren arabera, hiru gizon inguratu zitzaizkion, haiekin batera beren apartamentura joateko esanez. Ezetz esan zien adingabeak, ez zuela joan nahi, baina hiru gizonek tematuta jarraitu zuten eskaera horretan. Neska gaztearen ezetza iksuirik, baimendu gabeko ukituak egiten hasi zitzaizkion gizonak. Neskak alde egitea lortu zuen.
Ez du salaketa judizialik jarri, haren esanetan, ezingo lituzkeelako erasotzaileak identifikatu. Hala ere, salaketa publikoa egin nahi izan du, gertatutakoa jakinarazi eta gizarteak eraso horren berri izan dezan.
Samuel Vuelta Simon fiskalak adierazi duenez, erasoaren inguruko abisu bat jaso zuten, eta zer gertatu zen ikertzeko eskatu zion Poliziari. Baionako Herriko Etxeak, bestalde, gaitzetsi egin ditu horrelako erasoak, eta gaineratu du urte luzez prebentzio lan handia egiten ari direla halakoak eragozteko.
Beste bi eraso, Tuteran
Emakume batek sexu eraso bat jasan duela salatu du Tuteran (Nafarroa), Santa Ana jaiak hasi eta bigarren egunean. Udaltzaingoak gaur goizaldeko hirurak aldera hartu du abisua.
Oraingoz, ez dute informazio gehiago zabaldu salaketaren inguruan; izan ere, kasua ikertzen eta datuak biltzen ari dira zer gertatu den argitzeko.
Bestalde, 23 urteko gizon bat atxilotu du Espainiako Poliziak Tuteran. Emakume baten aurkako indarkeria matxista kasu batengatik atxilotu dute. Atzo eguerdian izan zen erasoa. Dirudienez, atxilotuak emakumea jo zuen kalean.