Kukutzako Elkartasun Taldea plataforma eta Ni ere egon nintzen. Elkartasuna ez da delitua kanpaina aurkeztu dituzte gaur goizean, Bilboko Errekalde auzoko plazan. Kukutza III gaztetxea eraitsi zuten egunetan zauritu ugari egon zirela —103 mediku txosten— gogoratu nahi izan dute. 80 atxilotu inguru izan ziren, eta atxiloketa horiek "justifikagaitzak" izan zirela adierazi dute Kukutzako kide ohiek.
Martxoaren 11n bi gazte epaituko dituzte, gaztetxea eraitsi zuten egunetan desordena publikoa eragitea egotzirik. Fiskalak 22 hilabeteko kartzela eskaera egin du.
Apirilaren 16an, berriz, ertzain baten kontrako epaiketa izango da, neska gazte bati erasotzeagatik. 2011ko irailaren 21ean Ametzolako biribilgunearen inguruan ertzain batek gazteari nola erasotzen zion jaso zuten irudi batzuetan. "Epailea tematu delako, azkenean ertzaina identifikatzea lortu dute", esan du Iñaki Carro abokatuak. Askoz eraso gehiago izan ziren egun haietan, baina, Carrok azaldu duenez, Ertzaintzak ez du lagundu polizia horiek identifikatzen. Abokatuak esan du litekeena dela hemendik urtebetera edo bi urtera egitea eraisketaren egunean atxilotutako beste hemezortzi lagunen epaiketa.