Gurutz Agirresarobe ustezko etakidearen aurkako epaiketa hasi zen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2003ko otsailaren 8an Andoaingo Daytona tabernan Joseba Pagazaurtundua Andoaingo udaltzainburua tirokatuta hil izana leporatzen diote Agirresaroberi. Hori dela eta, Pedro Rubira fiskalak 48 urteko kartzela zigorra eskatu du berarentzat. Atzoko saioan, akusatuak adierazi zuen «sekula» ez duela armarik eduki esku artean; are gehiago, ETArekin ez duela izan «inoiz inolako harremanik». Fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsak egindako galdera guztiei erantzun zien Agirresarobek.
Akusatua iazko abuztuan atxilotu zuen Ertzaintzak, Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz. Operazio berean, Pagazaurtunduaren hilketan laguntzea egotzita, Aitziber Ezkerra ere atxilotu zuten — inkomunikazio epea igaro ondoren, 30.000 euroko bermea ordainarazita, aske utzi zuen epaileak—.
Atxiloketen egunean Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizango sailburuak azaldu zuen «aztarna guztiek» Agirresarobe jotzen zutela Andoaingo udaltzainburuaren hiltzaile. Fiskalarenoinarri nagusia Daytona kafetegian hiltzailearen kikaran aurkitutako DNA froga da. Defentsak epaiketan aurkeztutako genetika adituen ustez, berriz, froga horiek «fidagarritasun gutxi» dute. Akusatuak, gainera, kaferik ez duela hartzen jakinarazi zuen: «Bi hartu ditut bizitza guztian, eta kalte egin didate». Horrez gain, hilketa gertatu zen taberna ez zuela ezagutzen gaineratu zuen: «Ez naiz inoiz egon Daytona tabernan».
Agirresarobek esan zuen atxilotuz geroztik «bere ahalegin nagusia» hilketaren egunean non zegoen jakitea izan dela baina ez duela lortu. «Familia, abokatua eta ni saiatu gara frogaren bat aurkitzen, baina ez dakit non nengoen egun horretan».
«Kezka handiz bizi ginen»
Maite Pagazaurtundua hildakoaren arrebaren arabera, familia «kezka handiarekin» bizi zen hilketaren aurretik. «Gure ezinegona handitu egin zen Josebaren lagun Jose Luis de Lacalle hil zutenean. Mehatxatu ere egin zuten hil baino bost hilabete lehenago».
Besteak beste, Estibaliz Garmendia alargunak ere hitz egin zuen atzoko saioan: «ETAk pertsona on bat hil zuen, lagun on bat».
«Nik ez nuen hil; sekula ez dut armarik hartu eskuetan»
Gurutz Agirresarobek dio berak ez zuela hil Pagazaurtundua eta inoiz ez duela izan harremanik ETArekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu