Politika

Niko Morenok Udalen Legea egiterakoan Bildu kontuan hartu ez izana leporatu die Eusko Jaurlaritzari eta Lopezi

Ezker abertzaleko bozeramaileak gogoratu du Bildu dela udaletan indar gehien duen koalizioa. Bizkaiko Aldundiak Udalen Legea errekurrituko du

2011ko abuztuaren 31
15:53
Entzun

Niko Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak Eusko Jaurlaritzari eta Patxi Lopezi aurpegiratu die Udalen Legea egiterakoan ez dutela Bildu ezertarako ere kontutan hartu, koalizio hauxe izanik udaletan ordezkaritza gehien duena. Horregatik, Morenok Europapressi egindako adierazpenetan, prozesu guzti honetan Bilduri "ahotsa emateko" eskatu die Jaurlaritzari eta Lopezi.

"Lopez eta bere taldea errealitatearekin zerikusirik ez duen egoera batean igerian dabiltza" Morenoren ustez eta kasu hau baieztapen horren beste adibide bat da. "Kontraesan bat da herrialde honetako udaletako lehen indar politikoa Udal Legearen garapen eta eztabaidatik kanpo uztea" esan du ezker abertzaleko ordezkariak eta gehitu du honi konponbidea ematea proiektua aurrera ateratzeko ardura duenari dagokiola.

Bizkaiko Aldundiak legea errekurrituko du

Juan Mari Aburtu Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak gaur goizean iragarri duenez Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen Udalen Legea errekurrituko du Bizkaiko Aldundiak. Hain zuzen, bi erakunde horien arteko eskuduntze arazoak aztertzen dituen Arbitratze Batzordera eramango du gaia. Aburtuk argudiatu du legeak eskuduntzetan hutsa sortzen duela.

Aburturen arabera, Bizkaiko Aldundiak orain arteko udalen finantzaketa sistemarekin jarraitu nahi du. Orain arte aldundiek diseinatzen zituzten udaletako finantza irizpideak, baina atzo Jaurlaritzak onartu zuen proiektuak udalen eskuetan uzten du finantzaketa, autonomia gehiago emanez. Aburturen hitzetan lege berria Lurralde Historikoen Legearen kontrako "eraso zuzena" da.

Aburtuk esan du lege horren atzean PSOEk foru aldundiak desagertarazteko duen asmoa dagoela.

Jaurlaritzak onartu ostean, Eusko Legebiltzarrak babestu beharko du proiektua aurrera atera dadin. Hor zailtasunak iragarri dizkio Aburtuk. PSE-EEren babesaz gain, EAJrena edo PPrena ere beharko du Jaurlaritzak, baina hasiera batean bi alderdi horiek ez daude babesteko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.