Guraso askok ez dute pediatra eskasiaren berri zuzenik, baina gehienak ohartu dira aspaldian nekez lortzen dutela eskatzen duten egun berbererako eta biharamunerako txandarik. Edonola ere, osasun zerbitzu publikoan itxaronaldiak gero eta luzeagoak direla eta, arazoa orokorra dela uste dute.
«Ez genuen horren [pediatra gabeziaren] berri, baina ez zaigu ondo iruditzen», azaldu du Javier Dominguezek. Ez du begi onez ikusten pediatra bakoitzari gero eta ume kopuru handiagoa emateko asmoa. Haren emazte Paola Marinekin eta 3 urteko alabarekin Bilboko Areiltza Doktorearen kalean dagoen osasun etxetik atera berri da. Umearekin etorri dira, hain zuzen ere pediatrarengana. Urtero umeek egin behar izaten duten azterketa egin behar zuen Maria txikiak. «Normalean urte hasieran egiten diogu, eta egunotan oporretan gaudela kontuan hartuta, joan den astean deitu genuen ordua eskatzeko». Urte bukaera eskiatzen igaro dute, eta beren beregi eskatu zuten aste honetarako txanda. «Ez dakit biharamunerako-edo eskatu izan bagenu, ordu librerik izango genuen».
Maria Dominguezi egin behar izan dioten azterketa, adibidez,erizainen esku uztea aztertu du Osasun Sailak. Haren gurasoek, ordea, nahiago dute orain artean bezala pediatrak egitea. «Pisatzeko, neurriak hartzeko eta halakoetarako, erizainak prestatuta daude, noski. Baina halako azterketetan bestelako kontuei ere erreparatzen diete osagileek. Hori egiteko gai izango dira erizainak? Gaixotasunen bat badu, ohartuko al dira?», hausnartu du Marinek. Zenbait funtzio haien esku uztea, halere, ez du gaitzesten. «Askotan osagileek baino begi hobea izaten dute».
Julene Abaunzak, ordea, halabeharrez eraman du alaba medikuarengana. Gaixorik dago; gripea daukala esan berri dio medikuak.«Goizean sukarrarekin esnatu da, eta berehala deitu dut txanda eskatzeko. Gaur eta bihar pediatrak ez duela ordu librerik esan didate, eta larrialdietara eramateko. Halere, nik nahiago nuen bere pediatrak ikustea, eta ordurik gabe etorri gara», azaldu du.
Osasun etxeetako larrialdi zerbitzuetako medikua normalean ez da pediatra izaten. Horri lotutako pasadizo bat du gogoan Abaunzak: «Behin lankide bat bularreko minez joan zen, eta larrialdietan zegoen medikuak bera traumatologoa zela esan, eta ospitalera bidali zuen», adierazi du. Uste du egun denak familia medikuak izaten direla. Edonola ere, pediatrak ikusteko aukerarik ezean, berak nahiago du ospitalera zuzenean joan, badaezpada ere. «Basurtun espezialitate guztietako medikuak dituzte larrialdietan, eta horrek sekulakolasaitasuna ematen digu». Osakidetzak, ordea, ahal dela larrialdietara ez jotzeko eskatzen du.
Legazpin, pediatra bakarra
Legazpiko osasun etxean (Gipuzkoa) pediatra bakarra ari da lanean, eta, oro har, gurasoek ez dute begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzaren asmoa. Espezialista bakar hori mantentzeko eskatzen dute gehienek. «Legazpin pediatra bakarra dago, eta moldatzen gara, baina bakar hori pediatra izan dadila behintzat!», dio aita batek. Sendagile eta erizainengan konfiantza dutela badiote ere, nahiago dute haurra pediatraren eskuetan utzi: «Ez da berdina umea pediatrak ikustea edo familia sendagileak ikustea». Espezialitatearen zentzua nabarmentzen du ama batek: «Ebakuntza bat egiteko zirujaua behar dugun bezala, umeak pediatrek aztertu behar dituzte».
Jaurlaritzaren planak Legazpiko osasun etxera aldaketak ekartzen baditu, herritarrentzat ez da egoera berria izango: guraso baten arabera, pediatra ordezkatu behar den aldietan, familia medikuak eta erizainak ari dira jada pediatra lanetan. Gainera, Legazpiko larrialdi zerbitzua itxi egin zuten ekainean. Murrizketa gehiagori buruzko susmoek haserrea pizten dute gurasoen artean. «Aurrez dezatela beste leku batetik». Halere, bada neurrien aurka ez dagoen gurasorik ere: «Ohiko azterketak egiteko, ez nuke inongo arazorik pediatra baten ordez, erizain edo familia mediku batek egingo balitu».
Osasuna. Pediatra falta
Nolako gaixoa, halako osagilea nahi
Gurasoak kezkatuta daude pediatra faltaren auzia dela eta. Seme-alabak pediatrek artatzea nahi dute, eta ez familia mediku edo erizainek. Hainbat herritan, osasun etxean pediatrarik gabe geratuko diren beldur dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu