Normala ez zena hala izan ez dadin

Otxandioko bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratu zuten ostiralean. 36ko gerrako eta ondorengo urteetako bizipenak biltzen dituen ikerketa lan bat egin du Zigor Olabarriak.

2006an Otxandioko herriak omenaldia egin zien bonbardaketan hildakoei. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Lehenengo bonbardaketa izan zen Otxandiokoa (Bizkaia). 1936ko uztailaren 22an,Espainiako gerra hasi eta lau egunera, airezeraso zioten herriari. 61 pertsona hil zituzten, tartean hamar haur. Hala ere, Gernikako bonbardaketa ezagunagoa da, hamar hilabete geroago gertatu bazen ere eta gutxiago hil ziren arren.

Horregatik, Otxandiokoa ahaztu ez dadin, Gerra Zibila Otxandion lana kaleratu du Zigor Olabarria historialariak. Udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren ekimenez bultzatutako ikerketa lan bat izan da. Lekukoen oroitzapenik gordinenak biltzen dira bertan.Haien ahotsa goratuz, «haientzat normala bilakatu zena guretzat hala ez izatea» lortu nahi izan du Olabarriak.

Errepresioa, mehatxuak, mespretxuak, isiltasuna eta beldurra otxandiarren egunerokotasuneko ezaugarri bilakatu ziren gerra garaian eta ondorengo urteetan. Ordukoa bizi izan zutenei galdetuta, ordea, «normaltasuna» erabiltzen dute egoera deskribatzeko. Batzuetan, ortura joaten zirenean, kanpai hotsa entzuten zuten, eta babes bila joan behar izaten zuten, erasoen beldur. Haientzat, baina, «normaltasuna» zen nagusi. Besteetan, hegazkinez hurbildu eta obusak jaurtikitzen zituzten herrira, eta hildakoak eragiten. Hala ere, «normaltasuna».

24 testigantzaren atzean, orduko 24 haur eta gazteenak daude. Orain, adineko gizon-emakumeak dira, eta gerra eta frankismo garaiko oroitzapenak ongi gorderik dauzkate. Haien adierazpenak jasotzeko talde lana egin dute Olabarriak eta hainbat herritarrek. Izan ere, elkarrizketetako batzuk aldez aurretik eginak zeuden, otxandiarrek beren iragana gordetzeko sentitzen duten premiagatik. Baina, solasaldiez gain, beste hainbat iturritara jo behar izan du Olabarriak: Bergara (Gipuzkoa) eta Bilboko artxiboetara, Madrilgo Liburutegi Nazionalera, Salamancako datutegira eta Avilako artxibo militarrera, besteak beste. Garai hartako prentsatik ere datu ugari eskuratu ditu. Baina testigantzek osatu dute liburuaren bizkarrezurra.

Bonbardaketa «ankerra»

Uztailaren 22ko bonbardaketaren inguruko xehetasunek agerian utzi dute erasoaren krudelkeria. Olabarriaren arabera,«ez dago argi hegazkin bat ala bi izan ziren bonbak jaurti zituztenak, baina nahiko ziurra da horietako bateko pilotua Angel Salas Larrazabal (Urduña, 1906; Madril, 1994) izan zela; gerora, Francoren konfiantzazko gizona izan zen, eta 1991n kapitain jeneral izendatu zuten». Beraz, «gertaturikoa ezin da oraindik memoria historikotzat hartu, duela hogei urte halako erasoak oraindik saritu egiten zirelako», gaineratu du.

Halaber, erabilitako teknikak guztiz gogorrak izan zirela azaldu du Olabarriak. «Hegazkinetik paperak bota zituen, gozokiak balira bezala, eta, hala, haurrak eta herritarrak haien bila joan ziren; une hori aprobetxatu zuen Larrazabal pilotuak bonbak eskuz jaurtitzeko». 61 pertsona hil ziren erasoan, eta Andikona herriko plazan, bereziki, kalte itzelak eragin zituzten bonbek. «Bonbardaketaren ondoren, herriaren itxura aldatu egin zen, besteak beste lubakiak eta babeslekuak egin behar izan zirelako», kontatu du Olabarriak.

Gerra Zibila Otxandion liburua eta film labur dokumentala aurkeztu zituzten joan zen ostiralean herrian bertan. Otxandioko Udalak antolatuta, igandean ekitaldi bat egin zuten 1936ko bonbardaketaren oroimenean. Gainera, Nestor Basterretxearen Heriotza zerutik etorri jakun eskultura inauguratu zuten Andikona plazan. Hala, orain bost urte abian jarri zen gizarte ekimenari amaiera eman zaio, Otxandion gertaturikoa sekula ahaztu ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.