Santi Eraso fitxatu berri du Madrilgo Udalak, udalaren ardurapeko kulturguneen kudeaketa nagusia eskainita. Erasok, urteetan Artelekuko burua izan zenak, ez du gaztelerazko azterketarik egin behar izan ardura hori hartzeko, nahiz bera izango den Espainiako kultur kudeatzaileen artean gune gehien eta produkziorik handiena edukiko duena. Nahikoa izan du urteetako lanean pilatutako prestigioarekin, eta gaztelera ondo jakitearekin.
Jaime Otamendi aukeratu berri du Donostiako Udalak Donostiako Kulturako zuzendari lanerako, eta EITBko kazetari ohiaren izendapenak eztabaida sortu du C2 euskara tituluaren jabea ez delako. Donostiako EH Bilduko
zinegotziek salatu egin zuten udalak C2tik C1era jaitsi egin zuela euskararen exijentzia, Otamendik ez zeukalako C2. Garrantzirik kendu gabe exijentziak hautagai jakin baten arabera aldatzeko administrazio publikoan batzuetan dagoen joera justifikaezinari, zertarako nahi du Otamendik C2? Zer erakutsi behar du, orain arte, Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan urteetan kalitatezko euskara erabiliz erakutsi ez duenik?
Salamancako eta Lyongo udaletako arkitektoburu izateko pasatzen al dute hautagaiek gaztelerazko eta frantsesezko azterketatik, are C2ren baliokidea izan litekeena hizkuntza horietan? Nola frogatzen dute hautagai horiek badakitela gazteleraz eta frantsesez? Egin beharreko frogetan eta elkarrizketetan ikusiko dute aukeraketaren arduradunek hautagaien hizkuntza maila, eta nabarmen txarra baldin bada bakarren batek erakusten duen
hizkuntza kalitatea, ez dute kontratatuko.
Irakurle batek baino gehiagok argudiatuko du, eta ez zaie arrazoirik faltako, Salamancako eta Lyongo adibideak hizkuntza aldetik normalizatuta dauden bi estatutan kokatuta daudela, eta gure herrian euskara ez dagoela normalizatuta. Hala da, baina noiz arte jokatuko dugu normalizatuta ez bageunde bezala? Zertan ez dago normalizatuta Jaime Otamendi euskara aldetik? Zergatik ez jokatu normalizatuta bageunde bezala, normalizatuta gauden arlo eta zirkunstantzietan?
BERRIAn bada euskara titulurik eduki gabe literatura sari bat irabazi duen kazetaririk. Eskerrak sariaren oinarrietan ez zuten C2 eskatu.
Besterik da EGAren edo beste euskara azterketen ustezko zailtasuna argudiatuta —euskaraz ondo jakin gabe— lanpostu publiko bat eskuratu nahi duten euskaldun kaxkarren lagunek, Zelaak eta konpainiak, kanpaina bat egitea euskararen exijentzia jaisteko, lanpostu horietarako sarrera errazagoa eduki dezaten. Horien irtenbidea berbera da hizkuntza guztietan: gehiago saiatu behar dute, giro euskaldunean murgildu behar dute, hizkuntzaz behar bezala jabetzeko.
Inoiz eskatu al diote Iñaki Gabilondori gaztelerazko titulurik Espainiako irratietan, urte luzez, goizeko audientzien erregea izateko? Eta Larry Kingi CNNko izarretako bat izateko ingelesezkorik?
Ibon Sarasolak ez dauka euskara titulurik, eta beste euskaltzain askok ere ez. Muturreko adibidea da, baina argigarria, normalizaziorako bidean erabaki batzuk birpentsatu beharko genituzkeela ikusarazteko.