Datorrean asteartean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuarekin bilduko da Ibarretxe. Zapaterorekin bildu aurretik su-eten iragarpenarekin zabaldu den egoera berriaren aurrean alderdien iritzia bildu nahi izan du Lehendakariak.
Asteazkenean Aralarrekin eta PSErekin batzartu zen Ibarretxe; gaur hirukoko ordezkariekin.
EB:"Urratsak emateko unea da eta ez gauzak gertatu arte itxarotekoa"
Hamarrak hogei gutxi aldera hasi du Ibarretxek EBko buruzagiekin bilera. Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi eta Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburua Bolivian bisita ofizialean denez, Antton Karrera eta Jose Miguel Fernandez joan dira batzarrera alderdiarekin ordezkari.
"Datorren asteartean Zapaterorekin biltzen denean ahalik eta lasterren gure gizartearen normalizazio politikorako mahaia eratzeko eskaria helarazi diezaiola eskatu diogu Ibarretxeri", azaldu du Antton Karrerak bileraren ostean. Karreraren hitzetan, "urratsak emateko unea da eta ez gauzak gertatu arte itxarotekoa". Horregatik Espainiako Gobernuko presidentearekin biltzen denean "normalizazio politikorako alderdien mahaia" bultza dezala eskatzeko proposatu diote Ibarretxeri. "Hogeita hamar urte itxaron ditugu bakea lortzeko eta orain, ezin dugu 30 urte gehiago itxaron, ez eta gutxiago ere, normalizaziorako mahaia osatzeko".
EBren ustez, normalizaziorako mahaiak helburu bat erdiesteko egin behar du lan. "Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan dezan" lan egitea hain zuzen.
EA:"Normalizazio politikorako unea da"
Bileraren ostean Begoña Errazti EAko presidenteak azaldu duenez "normalizazio politikorako unea da" eta bat etorri da horretan Ibarretxerekin. Zapaterorekin hitz egiten duenean honakoa helarazteko eskatu dio EAko presidenteak Lehendakariari:"Gure herrian dagoen gatazkarekin amaitzeko egin behar dugun normalizazio politikorako prozesua errespeta dezala". Erraztiren hitzetan euskal alderdiei dagokie lan hori burutzea. Eta Ibarretxeri dagokio "euskal alderdiei laguntzea adostasun puntuak izan ditzaten".
ETAren su-eten iragarpenaren ostean EAren ustez ez dago aitzakiarik:"ETA ez dago, beraz, orain bai, normalizazioaz hitz egiteko unea da, Euskal Herriaz hitz egiteko unea da, eskubideez eta subiranotasunaren aurrerakadaz". Zapaterok egin behar duen lana zein den oso argi dago Erraztirentzat: "ETArekin hitz egin eta euskal gizarteak erabakitzen duena onartu".
EAJ:"Lehentasunezkoa da bakea sendotzea"
Gaurko bilera txanda amaitzeko Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidentearekin hitz egin du Ibarretxek. Bilkuraren osteko agerraldian EBBko buruak azpimarratu duenez EAJrentzat une honetan "lehentasunezkoa da bakea sendotzea, bakea atzeraezina bilakatzea". Indarkeria guztiz desagertu dela egiaztatzea garrantzitsua da oso Imazen ustez.
Normalizazio politikorako balizko alderdien mahaiaren inguruan aritu denean honakoa azaldu du Imazek: "Euskadiri elkarbizitza itzultzeko guztien arteko akordioak bilatu beharko ditu". EBBko presidenteak azpimarratu duenez "guztien artean zehaztuko da egutegia, metodologia, edukiak eta prozedura". Era berean, alderdien mahaia Eusko Legebiltzarretik kanpo sortu behar dela iritzi dio Imazek. Legebiltzarrean "baztertu ezin den gizartearen zati bat ordezkatzen duen" talde bat (Batasuna) falta delako hain zuzen.
Hurrengoa Batasunarekin
Laster Batasuneko buruzagiekin bilera egiteko itxaropena du, baina alderdi horretako arduradunak Otegiren, Olanoren eta Petrikorenaren kartzelatzea konpontzeko ahaleginean ari dira, eta, ondorioz, batzarra atzeratzen ari da. PPk, berriz, uko egin dio lehendakariarekin elkarrizketa izateari.
ETA-REN SU-ETENA/Ibarretxerekin bilera
"Normalizazio politikoa" abiatu beharra dagoela azpimarratu dute EBk, EAk eta EAJk
ETAren su-eten iraunkorrak sortutako egoera aztertzeko indar politikoekin egiten ari den bilera txandan Jaurlaritzako hirukoko alderdietako buruzagiekin batzartuko da gaur Juan Jose Ibarretxe lehendakaria. "Normalizazio politikoa" martxan jartzeko beharra azpimarratu dute hiru alderdiek eta lan hori euskal alderdiei dagokiela berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu