Normalizazioa indartzeko eskatu du euskalgintzak

Euskararen Legeak alde batera utzi dituela salatuko dute «eremu ez-euskalduneko» ikasle eta gurasoek Larragan

Dantzarien emanaldia, atzo, Foruen plazan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioa indartuko duten politikak galdegin dituzte Gasteizen. Euskalgintzak, hainbat gizarte eragileren babesarekin, Euskaraz bizitzera goaz leloa hartuta festa egin zuen atzo, eta aldarrikapenerako ere baliatu zuen eguna. Foruen plazan, bertsolari, dantza, kantu eta bestelako jardueren bidez, Gasteizen euskaraz bizitzeko gogoa eta asmoa kaleratu zuten goizetik. Arratsaldean mintzodromoa zabaldu zuten, eta 19:00etan manifestazioa egin zuten, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta. Gaztetxeko jaiarekin bukatu zuten eguna.

Euskaraz bizitzeko aldarriak beste zita bat du gaur, Larragan (Nafarroa). Sortzen-Ikasbatuaz-ek deituta, «hizkuntza exodoari» aurre egin nahi diote deialdiarekin, eta Euskararen Legeak sortzen dituen kalteak salatuko dituzte. Lege horrek «eremu ez-euskaldun» gisa zehaztutako lur eremuan bizi direnek, euskaraz ikasi ahal izateko, urtean bost milioi kilometro ibili behar dituzte.

Horrela ibili beharrak familiei sortzen dien gastua gaitzetsiko dute. Larragako ume bat errepide istripuan hil zen, esaterako, eskolara zihoala. Hildakoa eta senideak omenduko dituzte gaur. Bestela, umeentzako ekitaldiak antolatu ditu Sortzen-Ikasbatuaz-ek: puzgarriak, tailerrak, erraldoiak, pailazoak eta zirkua izango dituzte hara biltzen direnek, eta ez da faltako jatekoa eta edatekoa. «Hizkuntza exodoaren» aurka antolatzen duten hirugarren jaia da.

Sakanan, senidetzea

Nafarroan bertan, Etxarri-Aranatzen, Nafarroa Behereko eta Sakanako ikastolen arteko senidetzea ospatzen ari dira egunotan. Atzo hasi zuten festa, hitzaldi batekin eta kontzertu batekin. Gaur goizean harrera egingo diete Nafarroa Behereko ikastoletako ordezkariei. Herri kirolak, herri bazkaria eta bertsolariak izango dituzte ikastolen arteko harremanak sendotzeko aitzakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.