«Sozialistok zabaldu dugun eta eztabaida identitarioak atzean utzi dituen normaltasun aroari eutsi behar zaio etorkizunean». Castrourdialesen esan du hori Rodolfo Ares hauteskundeetarako PSE-EEren koordinatzaileak, Kantabriako herrian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira alderdi sozialistak ireki duen bulegoaren aurkezpen ekitaldian.
«Euskadirentzat eredu subiranista eta independentista eskatzen duten indarren aldean»PSE-EEk «Espainia eta Europa barruan egongo den autogobernu estatutarioa» defendatzen duela azaldu du. «Alderdi sozialistak ez du independentziarako bidean aurrera egitea helburu izango duen inolako planik babestuko edo hitzartuko», esan du argi. Izan ere, Aresen ustez, independentziaren aldeko bideak euskal gizartea «zatitu» eta «iraganeko garaietara itzuli» besterik ez du egingo. Hortaz, koordinatzailearen esanetan, bere alderdiak abiatu duen ereduari eustea ezinbestekoa da aurrera begira ere.
PSE-EEren aldeko babesa eskatzeko, gainerako alderdien aurka egin du Aresek. PPren politika eredua murrizketetara mugatzen dela adierazi du. Eta murrizketa horiekin,EAEren autogobernu maila txikitzen saiatzen ari dela, gainera. «Eredu horrek langabezia gehiago besterik ez du sortzen», esan du.
«Zaborren iraultza»
Bilduren jarrerarekin zergatik ez duen bat egiten ere azaldu du: «Independentzia du helburu nagusi, eta, gainera, lanpostuak sortu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzen duten proiektu guztiak geldiarazten ditu». Gipuzkoako zaborren auzia jarri du adibide: «Iraultza egitera zetozen, eta zaborren iraultza da egin duten bakarra: arazo larri bat sortu dute».
EAJri buruz, «ez dute ikasten», esan du Aresek. Marko politiko berria defendatzen dutenean Ibarretxe Planera itzultzen ari direla iruditzen zaio buruzagi sozialistari. «Plan subiranista eta autodeterminatzaileetara itzultzea proposatzen ari dira, eta horrek esan nahi du liskar, zatiketa eta istiluetara itzultzea».
Bestalde, gogor gaitzetsi du EAJk Patxi Lopezen gobernuarekin izan duen jarrera. «Euskadi okerrera joan zedin, oztopoak jarri besterik ez dute egin».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
«Normaltasun aroari» eutsi behar zaiola dio Aresek
Identitateari buruzko eztabaidak gorde behar direla esan du, «zatiketa eta liskarra» besterik ez dakarrela argudiatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu