Normaltasun berrira (eguneko laburpena)

Konfinamenduaren luzapenaren neurri aringarriak hizpide izan dituzte Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen arteko bileran.

Osasun langile bat Gasteizko Santiago ospitaleko gela batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Pello Urzelai.
2020ko apirilaren 19a
19:04
Entzun

Foku nagusia konfinamendutik nola atera antolatzeko moduaren inguruan dagoen bitartean, eguneroko datuek badituzte zantzu ezkorrak eta baikorrak. Hildakoen kopuruak gora egin du, bi egunez behera egin ondoren. Beste 57 hildako zenbatu dituzte, gaur argitaratutako datuen arabera, eta guztira 1.433 dira jada, aurreko egunean baino 23 hildako gehiago. Araban 7 hildako izan dira (hiru gehiago); Bizkaian, 23 hildako (zortzi gehiago); Gipuzkoan, 12 (hiru gehiago); eta Nafarroan, 15 (bederatzi gehiago). 

Positiboen kopuruak behera egin du: 291 zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian (aurreko egunean baino 121 gutxiago). Guztira, 3.937  test egin dira, eta % 7,4k eman dute positibo. Ospitaleratuen kopuruak ere behera egin du (duela 18 egunetik egin duen bezala). 1.325 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 92 gutxiago). ZIUetan 202 pertsona daude (4 gutxiago). Dena den, oraindik ere jendea ari da ospitalean sartzen (Nafarroan, 48 pertsona).

Espainiako Gobernuko presidenteak datorren astean ezarri nahi dituen neurriak iragarri zituen atzo iluntzean, eta gaur autonomia erkidegoko lehendakariekin bildu da. Alarma egoera eta konfinamendua beste hamabost egunez luzatzeko asmoa du Espainiako Gobernuak, apirilaren 26tik maiatzaren 9ra arte, baina haurren konfinamendua arintzeko zirrikitu bat irekiko du. Izan ere, azken egunotan ozendu egin dira haurren konfinamendua arintzeko eskeak, ondorioei buruz ikerketak abiatzearekin batera. Umeak nekatuta eta aspertuta daude, bildutako zenbait familiaren lekukotasunaren arabera. 

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin izandako bileran defendatutako planteamenduak azaldu dituzte Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariek. Kirola egiteko atera ahal izatea eta saltoki batzuk irekitzea proposatu du Urkullu lehendakariak. "Normalitate berri baterako trantsizioa" elkarlanean bideratzea eskatu dio Espainiako gobernuburuari, erkidego bakoitzaren eskumen esparruak eta errealitate sozioekonomikoa errespetatuz. Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak, berriz, jakinarazi du ekonomia suspertzeko estatu ituna sustatzen duela, baita adingabeei irteteko baimena emateko neurriak ere.

DATUAK: Koronabirusaren azken datuak

MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri eta osasun eremuka

 

Agian honek ere merezi du

Kutsaldian saiakera. Paolo Giordano idazle italiarrak saiakera liburu labur bat argitaratu berri du COVID-19aren izurriteari buruz: Kutsaldian. "Ohar koaderno bat" dela dio idazleak. Giordanok gogoeta interesgarriak dakartza Itziar Ugarte kazetariak eginiko elkarrizketan. Horrez gain, soilik gaur eta bihar, BERRIAn Kutsaldian deskargatu dezakezu epub eta pdf formatuetan, doan. Liburua Fernando Reyk eta Xabier Olarrak euskaratu dute, eta Ereinek argitaratu.

Argazki baten indarra. Mundu guztian zabaldu da Unai Beroiz argazkilari iruindarrak aitonari etxeko ezkaratzean ateratako argazkia. Itxialdiaren gordintasuna ezin hobeto irudikatu du Beroizen argazkiak. "Eskua kristalean jarrita agurtu genuen elkar, eta argazkia sortu egin zen". Argazkiaren historia jaso du Jakes Goikoetxea kazetariak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.