GIZARTEA

"Normaltasuna" nagusi botikak berrordaintzeko sistemaren lehen egunean

Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dela arazorik izan sistema berriak funtzionatu duen lehen orduetan. 18.000 eurotik gorako irabaziak dituzten herritarrek sendagaien prezioaren %50 ordainduko dute, eta %40 langa horretatik beherako diru sarrerak dituztenek.

2013ko uztailaren 1a
15:34
Entzun

"Arazorik ez da izan" botikak berrordaintzeko sistemaren ezarpenaren lehen orduetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez. Ohar baten bidez, Jaurlaritzak jakinarazi du Osasun Sailak eta Botikarien Elkargoak "operatibo berezi bat" jarri dutela martxan gaurko 500 farmazia ingurutan.

Gaurtik aurrera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar askok gehiago ordaindu beharko dute botiken truke. Eusko Jaurlaritzak urtebete atzeratu du Espainiako Gobernuaren 16/2012 Errege Lege Dekretua. Horretarako, besteak beste, berrordainketari aurre egiteko dekretua aurkeztu zuen. Ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren dekretua baliogabetu, eta berrordainketa ezartzeko eskatu dio, eta horretara behartuta daudela adierazi zuen Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. "Ez gaude ados, baina auzitegien erabakia beteko dugu".

Dekretua martxan jartzeak pentsiodunengan eragingo du, batez ere. Espainiako Gobernuak 16/2012 Errege Lege Dekretua onartu aurretik zergen bidez ordaintzen zituzten botikak, eta orain farmazian bertan botikaren %10 ordaindu beharko dute. Dena den, dekretuak berak hilabeteko gehienezko muga batzuk zehazten ditu, pentsiodunen diru sarreren arabera. Hau da, kopuru batetik gora ez dute gehiago ordaindu beharko. Kopuru hori 8,14 eurotik 61,08 eurora artekoa da, diru sarreren arabera.

Darponek aurreratu du pentsiodunentzako mugak egunez egun aztertuko dituztela eta gehienezko mugara heltzean botikak farmazian ordaintzeari utziko diotela. Beste gobernu batzuek, Nafarroakoak kasurako, hilabetea bukatutakoan pentsiodun bakoitzak egindako gastua aztertu eta kontuak orekatzen dituzte. Pentsiodunen batek dagokiona baino gehiago ordaindu badu, aurreratutako diru hori itzultzen diote sei hilabeteko epean. Jaurlaritzaren sistema martxan jarri ahal izateko, derrigorrezkoa izango da osasun txartela izatea.

Pentsiodunek farmazian ordaindu beharko badute ere, herritar batzuk botikak ordaintzeaz salbuetsita egongo dira. Horien artean daude sindrome toxikoa duten pertsonak, baita ezintasunen bat dutenak ere, haien araudi berezian jasota baldin badago. Horiez gain, gizarteratze errentak edo kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituztenek ez dute botiken truke ordainduko, ezta langabezia saria jasotzeko eskubidea galdu duten langabeek ere —egoera horretan dauden bitartean—. Azkenik, lan istripu edo gaitz baten ondorioz hartu beharreko botikak ez dira ordainduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.