Norvegiako Poliziak isuna jarri dio Erna Solberg herrialdeko lehen ministroari COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak urratzeagatik. Zehazki, bere urtebetetzearen ospakizunetan hamar lagunetik gora bildu zirelako jarri diote isuna. 20.000 koroa (2.000 euro) ordaindu beharko ditu. Joan den martxoaren 19an NRK Norvegiako telebista publikoak albistea ezagutzera eman ondotik abiatu zuen ikerketa poliziak. Ikerketaren arabera, Solbergek otsail amaieran bere familiarekin eta beste pertsona batzuekin ospatu zuen bere urtebetetzea: gau batean jatetxe batean, eta beste gau batean apartamentu batean, eta kasu bietan hamar lagun baino gehiago batu ziren ospakizunetan.
Solberg ez zen egon jatetxean –egun horretan Oslon okulistarenera joan behar baitzuen–, baina poliziak uste du ospakizun hori ere berak antolatu zuela. Poliziak isuna jarri dio Solbergi bi ekitaldi horiek antolatzeagatik, eta horietako batean parte hartzeagatik. «Legea iguala da guztiontzat, baina denak ez dira igualak legearen aurrean, Solberg gobernuko burua delako», esan du poliziak.