Azpiegiturak

Nuclenorrek ez du eskatu Garoñaren erabilera luzatzea

Espainiako Gobernua prestatzen ari den energiaren sektorearen erreformarekin eta zentralaren bideragarritasun ekonomikoarekin lotu du horren etorkizuna. Gaur egungo egoeran luzapena eskatzeko baldintzarik ez dagoela jakinarazi dio Espainiako Industria eta Energia Ministerioari.

Berria.info
2012ko irailaren 6a
19:12
Entzun

Garoñako zentral nuklearraren jabe den enpresak, Nuclenorrek, ez du aurkeztu zentralaren erabilera luzatzeko eskaera. Gaur amaituko da luzapena eskatzeko epea, baina, atzo baieztatu zuenez, ez du eskatuko, gaur egungo egoeran horretarako baldintzak ez direla betetzen argudiatuta. 

Oharra bidali zuen atzo gauean Nuclenorrek, eta azaldu zuen ez dakitela nola eragingo dioten zentralari energia nuklearra ekoizteko ezartzekoak diren arau berriek. "Arauei buruz ziurtasunik ez dago". Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioa energiaren sektorearen erreforma prestatzen ari da, eta tartean zentral nuklearrei ere eragingo dien arauak egongo dira.

Gastu handia

Nuclenorrek Garoñaren bideragarritasun ekonomikoarekin lotu ditu arau horiek, eta, horiek "argituko" balira, ez du baztertu luzapena eskatzea. "Teknikoki, modu fidagarri eta seguruan aritzeko baldintzak betetzen ditu Garoñak", azpimarratu du Nuclenorrek, Espainiako Segurtasun Nuklearraren Kontseilua eta Nazioarteko Energia Atomikoaren Agentzia aipatuta.

Adituek kalkulatzen dute 2019. urtera arte energia ekoizten jarraitzeko 100 milioi euroko inbertsioa egin beharko lukeela Nuclenorrek —Endesak eta Iberdrolak osatzen dute, erdibana—, eta horri Jose Manuel Soria Espainiako Industria ministroak hondakin nuklearrentzako iragarri duen zerga gaineratu beharko liokete.

2019. urtera arte luzatzeko aukera

Luzapena eskatzeko epea gaur amaituko denez, hori luzatzeko eskatu zion Nuclenorrek Espainiako Industria Ministerioari, baina Soriak ukatu egin zuen. Garoñaren itxiera 2013ko uztailaren 6rako iragarri zuen Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak, baina Soriak hori 2019ra arte luzatzeko aukera eskaini zion Nuclenorri, erabileraren luzapena eskatzeko epea jarrita. 

[Storify]http://storify.com/peruarena/garona[/Storify]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.