Nuclenorrek, Garoñako zentralaren jabeak (Espainia), zentralean egin beharko lituzkeen hobetze lanak ez dituela egin salatu dute Bilbon bildutako 39 elkarte, sindikatu eta alderdi politikok. Jakinarazi dute 2009. urtetik zentralean egin beharreko lanen laurdenak ere ez dituela egin. Horren haritik, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren «kontrolik eza» kritikatu dute, Espainiako Gobernuak Garoñako zentralaren ustiapen baimena luzatu zuenetik lanen jarraipena ez egiteagatik.
Espainiako Gobernuak eskatuta CSNk Garoñako zentrala martxan jarraitzeko aukerari buruz egindako txostena ere gogorarazi dute. «Objektibotasun falta» egotzi diote CSNri, eta ebaluazio «zorrotza eta sakona» egiteko eskatu.
Araba Garoñarik Gabe plataformak ere kritikatu du CSNren jarrera. Aipatu txostenean apirilaren 3ra arteko epea ematen dio zentralari egindako lanen berri eman dezan, baldintzak bete al dituen erakusteko. «Une honetan ba al daki inork Nuclenor betetzen ari ote den luzapena emateko eskatu zizkioten konpromisoak?», galdetu du Alberto Friasek, plataformako bozeramaileak.
Bestetik, Friasek gogorarazi du zentralaren ustiapen baimenaren luzapena gauzatu dadin bete behar diren baldintzak. Alde batetik, Nuclenorrek irailaren 6a baino lehen eskatu behar du luzapena, eta Fukushimako istripu nuklearraren ondorioz egindako azterketetan eskatu zaizkion hobekuntzak bukatu. Bestetik, CSNk jarraipenari buruzko txostena egin beharko du. Emaitza ezezkoa bada, bete beharrekoa izango da, eta, aldekoa bada, Espainiako Gobernuak erabaki beharko du jarraipenaren inguruan.
Espainiako energiari buruzko eztabaidari ekiteko batzorde tekniko bat eskatu du Araba Garoñarik Gabe plataformak, Alemanian egin zutenaren modukoa. Zentral nuklearren jarraipenak erabakitzeko irizpide teknikoez gain beste zenbait alor kontuan hartu behar direla gogorarazi dute. «Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren erabakiak erreferentziazkoak dira, kasu zehatz honetan izan ezik», kritikatu du Friasek. Hala, batzorde etikoaren babesarekin, zentral nuklear guztiak 2022rako itxiko dituela iragarri du.
Espainian batzorde etiko horren beharra aldarrikatu dute, irizpide teknikoak nahi politikoak arrazoitzeko erabiltzen dituztela argudiatuta. Hain zuzen ere, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseilua osatzen duten bost kideak PPren, PSOEren eta CiUren artean aukeratzen dituzte.
Mobilizazioak eta hitzaldiak
Garoñako zentrala ixteko eskatzeko mobilizazioak areagotuko dira asteburuan, Fukushimako zentral nuklearraren (Japonia) ezbeharraren urteurrena dela eta. Hain zuzen ere, Garoñak Japoniako zentral horren sistema bera du. Bilboko 39 elkarte, sindikatu eta alderdiek manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Araba Garoñarik Gabe plataformak elkarretaratzea egingo du igandean Gasteizko udaletxearen aurrean; horrez gain, iragarri du hil honetan mobilizazio gehiago egingo dituela.
Bestetik, aipatu urteurrena dela eta, Bizi mugimenduak hainbat hitzaldi antolatu ditu Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan, bihartik igandera arte. Biharko hitzaldia Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) izango da; ostiral, larunbat eta igandean, berriz, Donibane Lohizunen, Mugerren eta Baionan (Lapurdi) egingo dituzte, hurrenez hurren. Azkenik, Bizi mugimenduak giza kate bat egingo du 11:30ean Baionan, Paul-Bert plazan, Garoña ixteko eskatzeko.
Espainian ere eskatuko dute Garoñako zentralaren itxiera. Larunbatean, Madrilen, giza kate batekin lotuko dituzte Japoniako enbaxada eta Nuclenorren bulegoak.
Nuclenorrek Garoñako hobekuntzen laurdenak ere ez dituela egin salatu dute
Fukushimako ezbeharraren lehen urteurrena dela eta, hainbat mobilizazio iragarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu