Jose Manuel Soria Espainiako Gobernuko Industria ministroak adierazi du "harrituta" daudela Nuclenorren erabakiarekin eta ez dutela inolako azalpenik aurkitzen Garoñaren luzapena ez eskatzeko. Hala ere, erabakia errespetatzen dutela esan su Soriak eta ez dutela inor luzapena eskatzera behartuko.
"Ministerioak luzapena eskatzea galdegin zion Nuclenorri erreforma energetikoaren edukien gainetik, aldaketak ezagutu ostean beti izango zuelako atzera egiteko aukera", azaldu du Soriak. "Baina Nuclenorrek luzapena eskatu ez duenez, orain ezin da zuzenketarik egin".
Garoñaren geroa, galdera ikurren artean
Nuclenor enpresari iragan ostegunean amaitu zitzaion Garoñaren jarduera baimena luzatzeko eskaera egiteko epea. Berez, datorren uztailaren 6an itxi beharko luke, beraz. Baina, ixteko ere, zentrala desmuntatzeko plana aurkeztu beharko zukeen Nuclenorrek, orain bi hilabete. Hori ere ez du egin, eta, beraz, airean dago Garoñaren etorkizuna. Bestalde, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak eta Espainiako Industria Ministerioak herenegun esan zuten ezinezko dela epea luzatzea.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramaileak ez du argitu zer gertatuko litzatekeen enpresak baimena luzatzeko eskatuko balu epez kanpo, datozen egunetan. Edozein kasutan, Garoña desmuntatzen hasteko txostena aurkezteko ere ez dio eskatu gobernuak Nuclenorri —Iberdrola eta Endesa dira enpresaren jabeak—.