NUPen mozketen aurka protesta egin dutenei oldartu zaie Polizia

Unibertsitate barrura sartu dira foruzainak, murrizketen aurkako protestak isilarazteko; gazte bat behintzat zauritu dute oldarraldianInguruko garestienetakoa da NUP; prezioen igoera orekatzen saiatuko dela dio Lafuentek

Nafarroako parlamentariak, NUPeko ikasturte hasierako ekitaldira sartzen, poliziek babestuta. Alboan, ikasleak, protestan. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Unibertsitatera sartu, eta ikasleei gogor oldartu zitzaien atzo Nafarroako Foruzaingoa. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasturtea hasteko ekitaldia zuten, eta murrizketen aurka protesta egin zuten ikasleek, agintariak joatekoak zirela eta. Poliziak ez zien utzi, ordea: unibertsitate sarreran elkarretaratzea egiten ari ziren estudianteak bota egin zituzten, eta barruan mozketen aurkako oihuak egin zituztenei gogor oldartu zitzaizkien. Ikasle bat gutxienez zauritu egin zuten.NUPeko Ikasleen errektoreordeak berak egin du salaketa, Paloma Virsedak: «Ezin dugu onartu ikasleen kontra oldartzea poliziak unibertsitate barruan».

Mozketak salatzeko agerraldia egin zuten ekitaldiaren aurretik hiru ikasle elkartek NUPeko atarian. Matrikulak garestitu izana salatu zuten, besteak beste. Iaz baino %4 garestiagoa da aurten unibertsitate publikoan ikastea: gutxi gorabehera, 940 euro kobratzen dute gizarte zientzietako karreretan (35 euro gehiago), eta 1.330 euro, ingeniaritzetan eta osasunekoetan (50 euro gehiago).

Espainiako Gobernuak mahai gainean jarritako murrizketak bere egin ditu Nafarroako Gobernuak hezkuntzan, baita unibertsitatean ere. Unibertsitaterako sarbidea mugatu nahi du Hezkuntza Ministerioak, uste baitu ikasle gehiegi daudela; horretarako, lehen bidea izan da tasak garestitzea. Kontuan izatekoa da lehen ere unibertsitate publiko garestienetakoa dela Nafarroakoa. Konparaziorako: EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, osasuneko karreretan, kreditu bakoitzak hamasei euro balio du, eta NUPen, 21; letretan, EHUn hamar euro dira, eta NUPen, hamabost.

Agintariak, atzeko atetik

Egoera hori salatu zuten ikasleek: hasierako ekitaldia egitekoa zen lekuan, Sario eraikinean, mozketen aurkako kartelak jarri zituzten. Sarreratik bota egin zituzten foruzainek, eta orduan hasi ziren lehen gorabeherak. Agintariak, bitartean, atzeko atetik sartu zituzten; han ziren, besteak beste, Julio Lafuente NUPeko errektorea eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea. Kartelak eskuan hartuta egin zuten protesta estudianteek atarian.

Poliziaren hesia gainditu egin zuten hogei bat ikaslek, eta mozketen aurkako oihuak egin zituzten barruan; foruzainak gogor oldartu ziren haien kontra, eta ikasle bat gutxienez zauritu zuten: bizkarrean zauri handi bat dauka. NUPeko Ikasleen errektoreordea Poliziaren eta estudianteen tartean jarri zen, istilu handiagoak eragozteko. «Normala da ikasleek protesta egitea; une zailak dira haientzat, eta babesa behar dute. Protesta egin behar dute». Poliziaren jarrera salatu zuen, Bilduk eta Ezkerrak egin bezala.

Atzerapenarekin hasi zen ekitaldia, eta han ere murrizketen gaiak jarri zuen hizpidea. Ikasleek salaturikoa gogoan hartu zuen Lafuente errektoreak: «Bitartekoak bilatu behar ditugu prezioen igoerari eta beken politika gogortu izanari aurre egiteko». Ez du erraza izango. Azken urteetan unibertsitate publikoa ataka zailean jarri du Iruñeko gobernuak, eta aurten are eta gehiago: adostutako aurrekontutik hiru milioi euro kendu zizkion Barcinak unibertsitateari ekainean, mozketak zirela eta. «Tontakeria litzateke egoera zailean gaudela ukatzea», adierazi zuen errektoreak. Jardun batzuk bertan behera utzi beharko dituztela ohartarazia dute.

Nafarroa, «punta-puntan»

Murrizketei ezikusi eginda, unibertsitateak finantzaketa egokia duela nabarmendu zuen Barcinak. Espainiako egoerarekin alderatu zuen uneoro NUPekoa: «Nafarroa punta-puntan dago unibertsitate publikoari ematen dion dirutzan, Espainiako batez bestekoaren gainetik». Haren arabera, unibertsitatean baino okerrago badaude beste alor batzuetan. Hala, ulertezintzat jo zituen ikasleen protestak, «NUP unibertsitate onenetakoa izaki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.