Oscar sariak

'Obaba' Oscarretatik kanpo; Iglesiasen soinu banda hautagai

Fernando Meirellesek zuzendutako ‘The constant gardener’ filmean egindako lanagatik soinu banda onenaren saria jaso dezake Alberto Iglesiasek (Donostia, 1955). Montxo Armendarizen ‘Obaba’-k berriz ez du lortu ingelesez ez besteko hizkuntzan sortutako film onenaren sailean izendatutakoen artean sartzea. Ang Leeren 'Brokeback Mountain" da Oscarretan faborito, zortzi izendapenekin.

2006ko urtarrilaren 31
18:59
Entzun
Montxo Armendariz zuzendariaren Obaba Oscar sarietatik kanpo geratu da ingelesez ez besteko filmen atalean. Hauek dira sail horretan lehiatzeko aukeratu dituztenak:Cristina Comenciniren Don`t tell (Italia), Christian Carionen Joeyeux Noël (Frantzia), Abu-Assaden Paradise now (Palestina), Marc Rothemunden Sophie Scholl-Die Letzten Tage (Alemania) eta Gavin Hooden Tstsi (Hegoafrika).

Alberto Iglesias musikagile donostiarrak, berriz, aukera izango du Oscar bat eskuratzeko. Soinu banda onenaren atalean izendapena jaso du Fernando Meirellesen The constant gardener filmean egindako lanagatik. Donostiarrak sari asko eskuratu ditu bere musikagatik, baina lehen aldia du Oscar sarietan.

Filmografia luzea du Iglesiasek. Imanol Uriberen Mikelen heriotza soinu banda du film luzeetan lehena. Harrez geroztik, luze askori jarri dio musika, besteak beste Julio Medemen filmetako doinuen jabe da: Behiak, KattagorriaLurra,Zirkulu Polarreko maitaleak eta Lucia eta sexua. Pedro Almodovarrekin ere maiz egin du lan. Besteak beste film hauen soinu bandak sortu ditu: Nire sekretuko lorea, Dena nire amari buruz, Berarekin hitz egin eta Heziketa txarra. Espainiako Zinema Akademiak ematen dituen sei Goyaren jabe da, Almodovarren eta Medemen hainbat filmari esker.

Brokeback Mountain Ang Leeren filma da, bestalde, Oscar sarien izendapen gehien lortu dituen filma. Zortzi izendapen eskuratu ditu, horien artean garrantzitsuenak: film onena, zuzendari onena (Ang Lee), gizonezko aktore onena (Heath Ledger), bigarren mailako gizonezko aktore onena (Jake Gyllenhaal) eta bigarren mailako emakumezko aktore onena (Michelle Williams).

Brokeback Mountain filmarekin batera, Good Night and Good Luck David Strathairnen filma eta Crash Paul Haggisena dira izandapen gehien jaso dituztenak. Martxoaren 5ean emango du Hollywoodeko akademiak irabazleen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.