Euskadiko Odol eta Ehunen Zentroan astebetean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan kontsumitzen den odolaren erdia baino gutxiago dute une honetan. Aitortu dute normalean urtarrila beti izaten dela hilabete zaila eurentzat, baina aurten bereziki igarri dute odol falta. Ohartarazi dute ahalik eta arinen lortu behar dutela ohiko mailara iristea, ebakuntza guztiak egin ahal izateko: larrialdietakoak ez daude arriskuan, baina gainontzekoak atzeratu egin beharko dira gordetako odol kopurua hazi ezean.
Sistemak funtzionatzeko egunero 500 lagunek joan behar dute odola ematera. Horietatik ehun inguruk ezin izaten dute odolik eman. Beraz, egiaz eguneko 400 odol emate egiten dira, batez beste. Eta, hain zuzen, hori da egunean kontsumitzen den odol kopurua.