Ohartarazi dute herritarrek bizitzarekin ordainduko dutela osasun errefoma

Munduko Medikuek, Amnesty Internationalek eta Acoge Sareak salatu dute unibertsaltasunak atzera egingo duela

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak ezarri duen osasun erreforma «bizitzarekin» ordainduko dutela herritarrek, horretaz ohartarazi dute AI Amnesty Internationalek, Munduko Medikuek eta Acoge Sareak. Adierazi dute arriskua dagoela tratamenduak bertan behera uzteko eta sendagileek egiten duten gaixotasunen jarraipena galtzeko. Hau da, medikuntza prebentiboa jasotzeko aukera ukatuko diela egoera irregularrean dauden atzerritarrei eta kotizatu ez duten 26 urtetik gorako pertsonei, eta larrialdi zerbitzuetan baino ez dituztela artatuko gaixotasuna akutu bihurtutakoan.

Erreformak kalte egin dien eta kalte egin diezaiekeen pertsonei aurpegia jarri diete hiru elkarte horiek. Bularreko minbizi baten ondorioz mastektomia jasan zuen Marokoko emakume batek ezin izango du jaso gaixotasunaren jarraipena eta tratamendua, bi urtez lanean egon den arren, egun langabezian dagoelako. Mota horretako ehunka kasu daudela ohartarazi dute, eta erreforman atzera egiteko eskatzeko ekinaldiak abiarazi dituzte.

Osasun erreformak giza eskubideak eta eskubide sozialak urratzen dituela salatu du Itsaso Zaldibar Gasteizko AIko koordinatzaileak: «Ohartu behar dute zer egoeratan jarri dituzten herritarrak». Horregatik, hiru elkarte horiek ia 60.000 sinadura bildu dituzte; atzo aurkeztu zituzten, Espainiako erkidegoetako gobernuen egoitzetan, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaritzan eta Nafarroako Gobernuaren egoitzan ere. Eusko Jaurlaritzak osasun erreforma ez ezartzeko neurriak hartu dituen arren, Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarriko du Espainiako Gobernuak erabaki horren aurka. Auzitegiak helegiteari bide eginez gero, erreforma ezarri beharko du Jaurlaritzak ere.

Ahulenengan eragin gehien

Osasun sistemara jotzeko muga horiek eta bestelako murrizketek «ahulengan» duten eragina gogora ekarri dute hiru elkarteek. Gaineratu dute estatuen betebeharra dela gaixotasun kronikoak, epidemiak eta buruko gaitzak dituztenak babestea. Beharra denean babesa «are gehiago» indartu behar dela adierazi dute idazki batean, eta erreformak osasun sistemaren unibertsaltasuna bera ere ahuldu duela azaldu dute.

Erreforma arrazoitzeko erabilitako argudio ekonomikoak ere kritikatu dituzte, eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak kontrako iritzia eman duela nabarmendu dute. Agentzia horrek azaldu du prebentzioko medikuntzatik kanpo geratzen diren pertsonen bizi-kalitatea eta bizitza kolokan jartzeaz gain horiek larrialdietan artatzea garestiagoa dela.

Elkarteek nabarmendu dute tratu txarrak jasaten dituzten eta egoera irregularrean dauden emakumeak antzemateko lekua dela ohiko osasun sistema, baita gaixotasun batzuen lehen iragazkia ere: tuberkulosia, hiesa...

Bestalde, elkarteek azaldu dute «asegurudunak» eta «onuradunak» ziren pertsona batzuei ere osasun sistema ukatuko diela osasun sistemaren erreformak. Gizarte Segurantzan kotizatu ez duten 26 urtetik gorakoen kasuan kezka hori handia dela erantsi dute. Botikak ordaindu behar dituzten erretiratuen egoera ere kritikatu dute elkarteek, eta edozein erabaki hartu aurretik gizartearen parte hartzea sustatu behar zuela leporatu diote Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.