Erabakitzeko eskubidea

Oiarbide: “Boto kutxak ez du ezertarako balio erabilpenik ematen ez bazaio”

Datorren asteburuan Goierrin, Azpeitian, Debagoienean, Aramaion eta Ispasterren egitekoak dituzten galdeketen atarian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte; tartean, Larraizko mosaikoa. Hurrengo urtean Arrigorriagan ere egingo dute herri kontsulta, gaur jakinarazi dutenez. Bideoa: Larraizko mosaikoa. (Andoni Canellada / Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/oafgKMLUYuw[/youtube]

2016ko maiatzaren 28a
08:44
Entzun

Astebete soilik geratzen da ekainaren 5eko galdeketetarako. Egun horretan, 125.000 herritar daude bozkatzera deituak. Antolatzaileek argi dute parte hartzea handia izatea dela lehen helburua. Horretarako, eta giroa berotzeko asmoz, hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako. Larraitzen egin dute horietako bat. Han, mosaiko erraldoi bat osatu dute dozenaka lagunek, erabakitzeko eskubidearen alde.

“Boto kutxak ez du ezertarako balio erabilpenik ematen ez bazaio, eta erabiltzeko borondatea behar da; gaur Larraitzen ikusi da ehunka goierritarrek dutela borondate hori”, adierazi du Angel Oiarbidek. Ekainaren 5eko galdeketan parte hartzea ahalik eta handiena izatea nahi du Oiarbidek, baina, batez ere, jendeari bere borondatea azaleratzeko aukera ematea baloratzen du. “Gure helmuga Euskal Herrian galdeketa handi bat egitea da, gure etorkizuna erabakitzeko”.

Larraizkoa, hala ere, ez da bakarra izan. Azpeitian eta Bergaran lipdub bat egingo dute gaur. Hondarribian, berriz, mahai inguru bat antolatu dute Antxeta irratiak eta Hondarribiko Udalak, Kataluniako ANCko presidente Jordi Sanchezekin, Sumate plataformako Paco Martinezekin eta Gure Esku Dago-ko Zelai Nikolasekin. Debagoienean, bizikleta martxa egingo dute Urkulu mendira, gutun-azal "erraldoi bat" irudikatzeko.

Ekainaren 5ean, 34 udalerritan egingo dituzte galdeketak: Goierri, Azpeitia, Debagoiena (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba), eta Ispaster (Bizkaia). "Hasiera besterik ez da", esan dute Gure Esku Dago-ko kideek. Azaroan, Dima (Bizkaia) eta Bakaiku (Nafarroa) gehituko zaizkie aurrekoei, eta datorren urtean galdeketak egiteko prozesuak martxan dira beste hainbat lekutan ere: Gipuzkoako Oiartzualdean, Usurbilen eta Hernanin, eta Bizkaiko Aulestin, Barrikan, Bermeon, Busturian, Elorrion, Sopelan, Uribe Kostan... Eta baita Arrigorriagan (Bizkaia) ere; hain zuzen, gaur jakinarazi dute albistea, eta osatu dute kontsulta bideratuko duen talde sustatzailea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.