Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak Oiartzualdeko bost gazteren aurka urtarrilean emandako sei urte eta sei urte eta sei hilabete bitarteko espetxe zigorra. Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio, Aitor Alberdi, Aitor Franco eta Arkaitz Antza dira bost horiek. Erakunde "terroristako" kide izatea egotzi zieten Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez eta Javier Martinez Lazaro epaileek.
Iosu Arruabarrenak ere kartzela zigorra jaso zuen orduan, baina Gorenak absolbitu egin du orain.
Haiekin batera epaitu zituzten Haizea Iriarte, Beñat Burlada, Alexander Etxeberria, Egoitz Urbe, Hodeiertz Urain, Alain Luna, Iker Zabala, Oinatz Arbelaiz, Imanol Sagarzazu, Oihana Mugika eta Gaizka Ibeas ere, baina absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Gorenak erabaki hori berretsi egin du.
Auzitegi Gorenak joan den urriaren 24an aztertu zituen kasuak, eta gaur jakinarazi du epaia.
2008an atxilotu zituzten guztiak, Segi gazte erakundearekin eta kale erasoekin lotuta. Espainiako Poliziaren eskuetan inkomunikatuta egon ziren bost egunetan tratu txarrak eta jazarpen sexuala jasan izana salatu zuten atxilotuek. Hain zuzen ere, buruan kolpe ugari jaso zituztela, biluztera behartu zituztela eta senideak atxilotzeko mehatxuak egin zizkietela adierazi zuen Askatasuna erakundeak.