Azken orduko ezustekorik ezean, gaur amaituko da Oiartzun eta Errenteriako hamasei gazteen aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Atzo goiz eta arratsaldez egin zen saio luzearen ondoren, amaitzear da ahozko saioa. Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita akusatuen aulkian eseri dituzten gazteen defentsarako abokatuek azken ondorioak aurkeztea da falta dena. Ondoren, akusatuek beraiek, azken hitza emateko aukera izango dute. Hori eginda, epaiaren zain geratuko da hilaren 18an hasi zen epaiketa.
Akusazioek bere ondorioak azaldu eta argudiatuta amaitu zen atzoko saioa, 19:30ak inguru zirenean. Bi akusazioek, fiskalak eta AVT biktimen elkarteak, epaiketa hasieran egindako eskaerei eutsi zieten. 16 akusatuetako bakoitza zortzi urtez kartzelan sartzeko eskatu zuen fiskalak, Segi gazte erakundekoak direla, eta hortaz, «talde terroristako kide» direla esanda.
128 edo 138 urte, guztira
Nor bere herriko taldean aritu izana leporatzen die fiskalak akusatuei; Oiartzunen edo Errenterian Segiko taldean lan egin izana. Ez die gazte erakundeko buruzagi izatea egotzi. Hala ere, Auzitegi Gorenak Segi legez kanporatua duela gogoratu du, eta hori hartu du guztira 128 urteko kartzela zigorra eskatzeko oinarri.
17. gazte bat ere auzipetuta hasi zen ahozko saioa aurreko astean, baina fiskalak berretsi egin du haren aurkako akusazioa erretiratu duela. Aurreko astean egin zuen hori, eta epaileak absolbitu egin zuen Imanol Sagarzazu. Izan ere, herri akusazio gisa ari den AVT taldeak ere erretiratu zuen akusazioa.
Bere eskaerei eutsi die AVTren abokatuak ere: hamabi gazte zortzina urtez kartzelaratzeko eskatu du, eta beste laurentzat zigor handiagoak eskatu ditu, gazte taldeetako buruzagi zirela esanda. Hamarna urteko kartzela eskatu du hirurentzat, eta hamabi urtekoa beste batentzat. Guztira, 138 urte.
Akusazioek ondorioen berri eman aurretik, goizeko saioan, bi polizia aritu ziren «lekuko-peritu» gisa. Akusazioen tesiei eutsi nahian ibili ziren. Hala ere, defentsak lekuko gisa gauza zehatzak azaltzeko eskatu zienean, «ez dut gogoratzen» izan zen erantzunik errepikatuena.
Lehenago, akusatuek ez dutela deliturik egin frogatzen saiatu ziren defentsaren 14 lekuko; gizarte eta kultur eragileetako kideak eta irakasleak, besteak beste.
Oiartzualdeko gazteentzat zortzina urteko kartzela eskaerei eutsi die fiskalak
Segikoak izatea egozten dieten hamasei lagunen abokatuek ondorioak azaldu ondoren, gaur amaituko da epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu