Iñaki Oiarzabal PPren legebiltzarkide eta Justizia, Eskubide eta Askatasunen idazkaria ziur dago Espainiak laguntza ukatu dien biktimek, "zilegi diren kasuetan", jasoko dutela laguntza, helegitea jarriz gero. Oiarzabalen ustez, 46 kasuak "hobeto aztertu" behar dira, eta "ziurrenik asko onartu ahal izango dira".
"GAL, BVE eta terrorismoaren biktima guztiei dagozkien laguntza guztiak emango ditu gobernuak, legez laguntza dagokien heinean". 46 biktimei laguntzak ez ematea "neurriak aldez aurretik" hartzeko modua dela dio Oiarzabalek. "Terrorismoaren biktima izateko, gutxienez, talde terroristako kide izateari utzi behar diozu. Ezin zara biktima eta terrorista izan aldi berean".
Legeak "nahierara" moldatuz
Amaia Izko abokatua eta Sorturen bozeramailearen ustez, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak "gezurra esan, prebarikatu eta legeak bihurritzen" ditu biktimekin nahi duen guztia egiteko". "Biktimen gaia, beste asko bezala, ikuspuntu global batetik eta posizio eraikitzaileetatik begiratzeak aurrera egiten lagunduko liguke. Baina hori egitean Espainiak jarritako horma eta erdirekin egin dugu topo".
Biktimei laguntza ematea gai politikoa da Izkoren ustez, eta Fernandez Diazek "nahi duena" egiten du, batera edo bestera: "Gai moralak guztiz subjektiboak dira, eta legeari dagokionean, interes politikoen arabera nola bihurritzen dituen ikusten dugu".