Euskal Presoak

Oier Gomez preso gasteiztarra ospitalean da azken kimioterapia saioa jasotzen

Fleury espetxeko bost euskal presok, bestalde, amaitutzat eman dute orain hamar egun hasi zuten gose greba. Bizi-baldintzen gogortzea salatzeko hasi zuten, eta espetxeko agintariekin akordio bat egitea lortu dute.

2013ko urriaren 10a
17:32
Entzun

Oier Gomez gasteiztarra Frantziako Meaux presondegitik ospitalera eraman dute, Hodgkin linfomagatik jasotzen dituen kimioterapia tratamenduen azken saioa hartzera. Etxerat-ek jakinarazi du Gomez aurtengo urtarrilaren 18an hasi zela saio horiek jasotzen, eta hamabost egun zeramatzala azken sesioaren zain. Gaur bertan atera dute erietxera, nahiz eta hilabete asko zeramatzan Gomezek ospitalera joan-etorriak eta frogak egiten.

Etxerat-en arabera, orain arte tratamendua zuzen eta oso modu egokian jaso du Gomezek, nahiz eta tratamenduan  "gora-beheraren bat" izan duen. "Argi dugu haren osasunak izan duen eboluzio positiboan eragina izan duela laguntza egoki hau jasotzeak. Horregatik, garbi dago gaixotasunak dituzten presoen egoeran laguntza egoki bat jasotzea beharrezkoa dela hala esaten dugun kasuetan; oso beharrezkoa dela laguntza hori bermatu eta modu egoki batean jasotzea. Ezinbestekoa", gaineratu du.

Gose greba bukatu dute Fleuryn

Fleury espetxean (Frantzia) duela hamar egun hasi zuten gose grebari amaiera eman diote bost euskal presok. Bizi-baldintzak "asko gogortu" zizkietelako hasi zuten gose greba, Etxerat-ek adierazi duenez. Espetxeko agintariekin akordioa lortu ostean bukatu dute greba; besteak beste, ziega aldaketen maiztasuna lau hilabetean finkatu dute. 

    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.