Egunkaria auzian Joan Mari Torrealdairen abokatua izan zen Felix Cañada. Orduan ikusi zuen «etsaiarentzako zigor zuzenbidea»aplikatzen dutela Espainiako auzitegiek, eta manifestazioen debekuarekin ere gauza bera gertatzen dela uste du. Horri amaiera eman behar zaiola dio, eta urriaren 2rako deitu duten manifestazioa tresna egokia izan daitekeela. «Konturatu behar dugu demokrazia, bizitza sozial eta politikoa egunero eraikitzen direla, gauzak indarkeriarik gabe eta elkarrizketarekin eginez. Eta ez inposizioekin, debekuekin eta eskubideen mugekin».
Zergatik erabaki duzue manifestaziora deitzea?
Garai garrantzitsua eta delikatua da. Halako une batean, oso larria da debekatzea guztientzako eskubide zibil eta politikoak betetzea eskatu nahi duen eta indarkeria gabeko elkarbizitzara iristea aldarrikatu nahi duen manifestazio bat. Gizarte zibilak erreakzionatu egin behar du justifikatu gabeko oinarriekin manifestazio eta adierazpen askatasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituenean botere publikoak.
Non kokatzen duzu Adierazi EHk deitutako manifestazioaren debekua?
Manifestazioa debekatzeko ebazpenak bete beharreko irizpideei jarraitu gabe, osatutako polizia txostenetan oinarritu dira. Polizia funtzionarioei Prozedura Kriminalerako Legearen 2. artikuluak esaten die inpartzialtasunez eta objetibotasunez jokatu behar dutela, eta beren txostenetan ustezko inputatuen aldeko zein kontrako zantzuak jaso behar dituztela. Hemen, ez daukat dudarik, txostenak ez dira izan objektiboak. Zeharkako informazio interesatua eman dute gertaera eta zantzu batzuen inguruan. Irakurketa kriminalizatzailea egin dute, gertaera eta zantzu horien gainean beste interpretazio batzuk egin daitezkeenean -arrazoizkoagoak eta errealitateari lotuagoak-. Hori fiskalari eman diote, eta hark instrukzio epaileari manifestazioa debekatzeko eskatu dio, esanez manifestazioaren deitzaileek ETAren aginduei jarraitzen diotela. Hori erradikalki faltsua dela uste dut. Irudipena daukat hemengo txosten polizialek Egunkaria auzikoek zuten bizio berbera sufritzen dutela. Eta hori gogor kritikatua izan zen Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren eskutik. Garai korapilatsu honetan hain garrantzitsuak diren oinarrizko eskubideak debekatzeko, arrazoi eta motibo larriak edo oso larriak behar dira, eta hemen, halakorik ez dago.
Hori guztia kontuan hartuta, zer arrazoi dago orduan debekuaren atzean?
Nire interpretazioa da bolada ez laburra daramagula zuzenbide estatuan oso garrantzitsuak diren printzipioak baztertzen. Juristok etsaiarentzako zigor zuzenbidea deitzen duguna aplikatzen ari dira. Eta zer ari da gertatzen? mentalitate bat sartzen ari dela, herritar onak eta sistemaren disidenteak daudela, eta bigarren horiei zuzenbide desberdina aplikatzen zaiela. Helburuak bitartekoak justifikatzen dituen filosofiari jarraitzen diote, eta hori ez dugu zuzentzat jotzen. Jarduera horiekin kritikoak garen herritarrok erreakzionatu egin behar dugu.
Testuinguru honetan, zer garrantzi ematen diozue jendea kalera ateratzeari?
Jendea kalera ateratzea nahi dugu, bizitza politikoan parte hatzeko eskubidea bermatuko den agertoki politiko bat izateko, inposiziorik eta indarkeriarik gabekoa, eta eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuz. Garrantzitsua da denok egin behar dugula uste dugun guztiok -EAJ, PSOE, PP, subiranistak, ez subiranistak, ezker abertzalea...- hori nahi dugula kalean manifesta dezagun.
Beraz, agente politiko, sindikal eta sozialen babesa espero duzue?
Hala espero dugu, garrantzitsua delako herri honetako bizi politikoa indarkeriarik gabekoa izatea nahi dugula manifestatu ahal izatea. Eta hori oraintxe bertan guztiok edo ia-ia guztiok uste dugulakoan nago. Lotura politiko jakinik ez dugun jendea gara manifestaziorako deia egin dugunak. Gizarte zibiletik egin dugu, inolako etiketarik gabe. Interes alderdikoiak alde batera utzi eta interes jeneraletik sendo esan behar dugu zer eta nola nahi dugun. Herritar gisa han egotea garrantzitsua da, eta alderdi gisa etortzea erabakitzen badute, hobeto.
Hori sendo esateko modua da manifestaziora joatea?
Gure iritzian bai. Eta oihua zenbat eta jendetsuagoa izan, hobe. Orain guztiok babestu behar dugu garbia eta zintzoa dirudien ezker abertzalearen mugimendua. Eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko, erabaki politikoetan parte hartzeko aukera guztiok eduki behar dugu.
Felix Cañada. Abokatua
«Oinarri gabeko urratzeen kontra gizarte zibilak erreakzionatu egin behar du»
Adierazi EH ekimenak deitutako eskubideen aldeko manifestazioa debekatzea larria dela uste du Felix Cañadak abokatuak. Horregatik, urriaren 2an Bilbon egingo den protestaren deitzaileetako bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu