GATAZKA. ERREPRESIOA

Oinazearen itzal luzea

DONOSTIA
2005eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Sei pertsona hil dira ETAk inor hil gabe pasatu diren bi urteotan. Gatazka politikoak irautearen ondorioz hildako herritarrez gainera, 300dik gora atxilotu eta ehunka tortura salaketa izan dira.

Kristal lodiak laztantzeko kilometroak egiten dituzten senitartekoek larrutik ordaindu dituzte bidaiak. Valdemoroko kartzelara bidean izaniko istripu larri baten ondorioz, bizia galdu zuen Sara Fernandez 34 urteko iruindarrak 2003ko azaroaren 29an, eta, istripu berean, Izaskun Urkijo 23 urteko gasteiztarra larri zauritu zen. Halaber, errepideen zerrenda beltzak Karmele Solaguren 57 urtekoa eraman zuen 2004ko abenduaren 6an. Ekain Gerra euskal presoaren ama auto istripuan hil zen, Alcala Mecora zihoala. Jose Luis Gerra senarra larri zauritu zen. 2003ko maiatzetik 2005eko maiatzera 71 istripu jasan dituzte euskal presoen senitartekoek eta lagunek kartzelara bidean, eta ehundik gora lagun zauritu dira. Presoen sakabanaketa amaitzeko eskatu du Etxerat elkarteak indarrak ahitu arte, eta euskal alderdi politiko gehienek, baita Eusko Jaurlaritzak ere, bat egin dute eskaerarekin. PPko eta PSOEko gobernuek, aldiz, entzugor egin diote eskaera horri. Euskal presoen herriratzeari buruz galdetu zaien bakoitzean, sakabanaketari eutsi diote.Kristal lodiaz bestaldean,2004ko uztailaren 9an, hilik aurkitu zuten Oihane Errazkin euskal presoa Fleury Merogisko espetxeko zaindariek. 31 urteko donostiarrak bere buruaz beste egin zuen; urkatu egin zen ziegan. Euskal presoen sakabanaketa politikak bi norabideetan hiltzen duela nabarmendu zuenAskatasunak.Erasoak jasan dituzte euskal presoen senitartekoek, baita presoek ere, azken garaiotan. Kasurik adierazgarriena Madrilen maiatzaren 11n gertaturiko atentatuaren ostekoa da. Espainiako espetxeetan zenbait euskal preso jipoitu eta iraindu zituzten preso sozialek, batzuetan funtzionarioek bultzatuta. Asko eta asko bakartu zituzten.Kartzelatik urrun baina Euskal Herriko gatazka politikotik oso gertu hil zen Angel Berrueta, «M-11ko biktima ahaztua». Madrilgo atentatuak hasieran ETAri egotzi izanak eragin zuen Berruetaren hilketa. 2004ko martxoaren 13an hil zuten, Iruñeko Donibane auzoan zuen okindegian. Egun horretan, zerbitzuz kanpo zegoen Espainiako polizia batek, Valeriano de la Peñak, lau tiro bota zizkion, eta haren semeak hainbat labankada eman. Ekainaren 15ean epaituko dute Berruetaren hilketa.

Haren heriotza salatzeko, manifestazioa egin zuten Hernanin, hil eta hurrengo egunean. Manifestariei ertzainak oldartu zitzaizkien, eta oldarraldi horren zurrunbiloan Kontxi Sanchiz hernaniarrari bihotzekoak eman zion. Konortea galdu zuenean ertzainei laguntza eskatu, eta haiek «bost axola» erantzun zutela salatu zuten senideek. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Mahaira iritsi zen auzia, erantzukizunak argitu nahian. Azkenean, Ertzaintzaren erantzukizuna zuritu eta Herrizaingo sailburu Javier Balzaren bertsioarekin itxi zuten ikerketa.ETAk eragindako hildakorik ez baina erakunde armatuko kide bat zendu zen 2003ko irailaren 14an. ETAk Herrerako mendatean Ertzaintzaren aurka egindako segadan ertzainetako batek tiro egin eta Arkaitz Otazua 24 urtekoa zauritu zuen. Zauritu eta bederatzi ordu eta erdira aurkitu omen zuten Otazuaren gorpua, harkaitz baten atzean makurtuta. Ertzain bat tirokatu zuten ekintzaileek, eta zauritu zuten. Bertsio ofiziala zalantzan jarri zuen ETAk 2003ko irailean.

Hamaika polizia operazioa

ETArekin zerikusirik zutelakoan, 337 lagun atxilotu dituzte Espainiako, Frantziako, Kanadako, Holandako, Mexikoko eta Belgikako poliziek ETAk inor hil gabe eman dituen bi urteotan.

Polizia operaziorik zabalena 2003ko urrian Frantziako Poliziak eta Espainiako Poliziak lehenbizikoz elkarlanean eginikoa izan zen. 34 euskal herritar atxilotu zituzten, ETAko egiturako kideak izatea leporatuta. Hogei lagun espetxeratu eta gainerakoak libre utzi zituzten.Astebete geroago, Martin Ugalde Kultur Parkearekin eta Euskaldunon Egunkaria-rekin lotura izan zuten zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Zortzi atxilotuen etxebizitzak ez ezik, Martin Ugalde Kultur Parkean ere miaketak egin zituzten guardia zibilek. Guztiak libre utzi zituzten.2004ko urrian panorama errepikatu zen, eta urteko polizia operazio zabalena egin zuen Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin batera. Hamazortzi lagun atxilotu zituzten Frantzian eta Espainian, horien artean Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre. Atxiloketa asko eta asko Ibon Fernandez de Iradi ETAko ustezko kideari atxilou zutenean hartu omen zioten agendarekin lotu dituzte Espainiako Poliziaren iturriek. Hari horretatik tira egin dute behin eta berriro zenbait polizia operazioa oinarritzeko. 2004ko urrian eta azaroan Guardia Zibilak Bilbon zabaldutakoa eta Espainiako Poliziak Hego Euskal Herrian eginikoa dira adierazgarrienak.

Tortura, indarberrituta

Polizia operazio horietan eraman zituztenen kopuruaz gainera, beldurgarriak izan ziren haiek eginiko tortura salaketak. Lazgarriena Amaia Urizar de Paz 2004ko urriaren 29an Guardia Zibilak atxilotutakoak eginiko testigantza izan zen. Besteak beste, salatu zuen guardia zibilek pistola batez bortxatu zutela eta bainuontzibatean sartu ziotela burua. Elektrodoak, bainera, poltsa, bortxaketa eta antzeko tortura metodoak Espainiako komisarietan inoiz ez direla desagertu baina azken hilabeteotan indarberritu direla esan zuen Torturaren Aurkako Taldeak azken txostenean.

52 tortura kasu salatu zituzten euskal herritarrek 2003an eta 52 kasu 2004an. Gainera, zenbait nazioarteko erakundeek Espainiako Gobernuaren kontrako salaketak egiten jarraitu dute. Inkomunikazioaren kontrako, epaitegiek ikerketak egiteko duten borondate urriaren kontrako eta prebentzio neurri eraginkorrik ezaren kontrako salaketak izan ziren nagusiki. Horien aurrean entzungor egitea erabaki du Espainiako Gobernuak eta gomendio horiek gutxietsi ditu. Hala gertatu zen, Tortura Gaietarako Nazio Batuen Kontalari Berezi Theo van Boven-ek Espainiako egoerari buruz eginiko txostena eta gomendioekin.

-

Hildakoak eta erasoak





 

2003







2003-04-3 Bittor Goñi euskal presoa jo zuten Valdemoroko funtzionarioek.

2003-08-3 Bittor Goñi eta Jesus Mari Etxebarria presoak jo zuten Valdemoroko funtzionarioek.

2003-09-14 Arkaitz Otazua ETAko kidea hil zuen Ertzaintzak Herrera mendatean.

2003-09-16 Bautista Barandalla euskal presoari 92. artikulua ezartzea ukatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.

2003-10-03 Lierni Armendariz eta Laura Riera euskal presoak jo zituen Guardia Zibilak lekualdaketa batean.

2003-11-29 Sara Fernandez auto istripuan hil zen Valdemoroko kartzelara zihoala. Harekin zihoan Izaskun Urkijo, eta oso larri zauritu zen.

2004







2004-01-6 Ekain Gerra euskal presoaren ama Karmele Solaguren auto istripuan hil zen. Aita larri zauritu zen.

2004-03-11 Madrilen gertaturiko atentatuen ostean, dozenaka euskal presok kolpeak eta irainak jasan zituzten. Bakartu eta graduak aldatu zizkieten.

2004-03-12: Karlos Apeztegia euskal presoaren senideei etxeko gutunontzia eta igogailua pintatu zizkieten.

2004-03-13 Espainiako polizia batek Angel Berrueta iruindarra hil zuen, tiroka.

2004-03-14 Hernanin eginiko manifestazio batean, bihotzekoak jota hil zen Kontxi Sanchiz, ertzainen oldarretik babesteko atari batean zegoela.

2004-05-17 Angel Pikabea euskal presoa jo zuten Frantziako espetxeetako funtzionarioek.

2004-06-14 Alcala-Mecoko funtzionarioek Asier Otxoa de Retana, Ibai Aiensa eta Arkaitz Martinez de Albeniz presoak jo zituzten.

2004-08-18 Alcala-Mecoko funtzionarioek Alex Akarregi jo zuten.

2004-09-24 Hiru botila bota zituzten Maite Diaz de Heredia preso ohiaren etxearen kontra. Batek umearen logelako kristala hautsi zuen.

2004-10-02 Iratxe Fresnedak, Garbiñe Laburuk eta Maria Luisa Lopetegik istripua izan zuten. Lopetegi oso larri zauritu zen.

2004-10-10 Naiara Mallabia euskal presoa Espainiako Poliziako kideek jo zuten lekualdaketa batean.

2004-12-23 Berruetaren familiaren okindegiari eraso egin eta kristalak hautsi zizkioten.

-

Polizia operazioak





 

2003







2003-07-18 eta 2003-07-19 Mexikoko Poliziak sei euskal herritar atxilotu eta espetxeratu zituen.

2003-10-8 Espainiako Poliziak eta Frantziako Jendarmeriak 34 lagun atxilotu zituzten, ETAko kideak izatea leporatuta.

2003-10-16 Egunkariaren itxierari loturiko polizi operazioa abiatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta zortzi lagun atxilotzeko agindu zuen.

2003-11-18 Hamabi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, ETArekin zerikusia zutelakoan.

2003-12-9 ETAko zuzendaritza desegintzat eman zuen Frantziako Poliziak. Ibon Fernandez Iradi, Patxi Abad eta Garazi Aldama atxilotu zituzten.

2004







2004-06-17 Zortzi lagun atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Espainiako Poliziaren laguntzarekin.

2004-10-3 Frantziako Poliziak, Guardia Zibilarekin batera, hemezortzi lagun atxilotu zituen Frantzian eta Euskal Herrian. Besteak beste, Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre.

2004-10-25-2004-11-15 Bilbon eginiko polizia operazio batean, Guardia Zibilak zazpi lagun atxilotu zituen.

2004-11-16 Espainiako Poliziak hamasei lagun atxilotu zituen Hego Euskal Herrian.

2005







2005-01-28 Espainiako Justiziak emaniko euroaginduari jarraituz, Frantziako Poliziak Araitz Zubimendi, Ibon Arbulu eta Unai Berrostegieta atxilotu zituen.

2005-02-9 Espainiako Poliziak hamalau lagun atxilotu zituen.

2005-02-11 Frantziako Poliziak Marcel Etxandi eta Guardia Zibilak Juan Joxe Agirre atxilotu zituzten. Monje beneditarrak ordu luzez galdekatu ostean, aske utzi zituzten.

2005-04-22 Unai Errea abokatua atxilotu zuten Parisko Auzitegitik atera zenean, eta kartzelatu zuten.

2005-04-28 Frantziako Poliziek Peio Eskisabel eta Joseba Ugartemendia atxilotu zituen.

2005-05-9 Guardia Zibilak lau lagun atxilotu zituen. Bizkaian 2004an eginiko operazioaren segida zela esan zuten.

2005-05-11 Bi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak.

2005-05-23 Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu zituen: Ramon Sagarzazu, Beñat Sansebastian eta Oier Goitia.

2005-05-26 Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea kartzelatu zuten, Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.