Oiola urtegia legez kanpo ireki dutela salatu dute Barakaldoko ekologistek

Urtegiko lotura ixtea erabaki zuten kutsadura dela eta, baina uztailaren 30ean hornidura sarera lotu zuen udalak berriro

Oiolako urtegian lindanoa dagoela salatu dute Barakaldoko taldeek. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lindanoz kutsatuta jarraitzen du Oiola urtegiak, baina zabaldu egin du Barakaldoko Udalak. Hala salatu dute herriko talde ekologistek. Joan den martxoko osoko bilkuran adostutakoa alde batera utzi izana salatu zuten Ezpitsua, Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeetako bozeramaileek atzo, agerraldi batean. Azaldu zutenez, ura kutsatuta dagoen bitartean konexioa etetea erabaki zuten martxoko osoko bilkuran, gehiengoz. Hala ere, uztailaren 30ean Oiolako urak berriro lotu zituzten hornidura sarera, «nahiz eta lindanoak hor jarraitzen duen», azaldu zuen Andoni de la Conchak, ekologisten bozeramaileetako batek.

Egindakoa legez kanpokoa dela ohartarazi zuen De la Conchak. Osoko bilkuran gehiengoz onartutakoa alde batera utzi, eta «nahi izan duena» egin du udalak, haren esanetan. Erabaki hori oporraldietan hartu izana ere gogor kritikatu dute ekologistek: «Ez dago inolako aukerarik erantzunik edo helegiterik aurkezteko ere». Hori dela eta, irailean erabakiko dute zer egingo duten horri erantzuteko.

2008tik itxita egon ostean, 2011ko maiatzean berriz ireki zuten urtegia. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ordea, hilabete gutxira eman zuen urtegia berriro ixteko agindua, azaroan. Udalak argudiatu zuen prebentzio neurri gisa agindu zutela ixteko, baina ekologistek gezurtatu egin zuten hori. Osasun Sailak bi baldintza jarri zituen 2011ko maiatzean berriro zabaltzeko: segurtasun protokolo bat eta alarma sare bat edukitzea. «Alarma sareak ez du inoiz ondo funtzionatu, eta horregatik agindu zion udalari urtegia ixteko», jakinarazi du Javi Vazquezek, ekologista taldeen partaideetako batek.

Oraingo lotura berrian ere segurtasun protokoloa eta alarma sarea ezarri dituzte; hala ere, ekologisten ustez, «ezer gutxirako» balio du. Oraingoan alarma sarea «konpondu omen dutenez», udalari urtegia berriro zabaltzeko baimena eman diotela azaldu du De la Conchak. Emaria muga batera heltzean —50 litro segundoko— alarmak jo egingo luke, ustez ur emaria handitzean lindanoa areagotzen delako. Hala ere, ekologistek grafiko baten bidez jakinarazi dutenez, «erlazio horiek ez dira beti bat etortzen». Hori dela eta, De la Conchak salatu du babes neurri moduan protokoloa ez dela baliagarria. «Berriro urtegira lotzeko aitzakia bat besterik ez da».

Ur kutsatuaren arazoa ez da soilik Barakaldo herriarena; izan ere, Oiola urtegiko ura Sestaon ere erabiltzen dutela azaldu dute ekologistek.

Oiola urtegiaren auzia hainbat administrazioren arteko talkan datza. «Batak besteari botatzen dio errua, eta, horrenbestez, egin beharrekoak alde batera uzten ari dira», esan du De la Conchak. Dena den, azken erabakia Barakaldoko Udalak duela jakinarazi du. Hala ere, nahiz eta martxoaren 29ko osoko bilkuran lotura alde batera uzteko erabaki, udalak «kasurik» ez dio egin horri.

«Kalitatezko ura»

Bizkaiko Ur Partzuergoaren jarrera ere gogor kritikatu dute ekologistek. «Hark kobratzen ditu fakturak, eta guk ez dugu ur kutsatuaren truke ordaindu nahi». Lindanorik ez duen ura nahi dutela argi utzi dute Barakaldoko talde ekologistetako ordezkariek, «kalitatezko» ura nahi dutela. Hori dela eta, 2015erako helburu bat jarri dute: elementu kutsagarririk ez duen ura izatea etxean. «Faktura berdin ordaintzen dugu ura toki batetik edo bestetik badator ere», azaldu dute. Udalari merkeago irteten zaio Oiolakoa erabiltzea, beste tokiren batetik jasotzea baino. Izan ere, «urtegi hori bere jabetzakoa izanda, ez du dirurik ordaindu behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.