Oiolako ur «pozoitua» eteteko sinadurak biltzen

Barakaldo eta Sestaoko edateko uraren sarean Oiolako urtegiko urik ez sartzea galdegin dute herritarrek eta taldeek

mikel p ansa
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Abuztuaren 1etik hona berriro hasi dira Oiolako urtegiko urak Barakaldoko eta Sestaoko (Bizkaia) etxeetako kaniletara sartzen. Barakaldoko Udalak erabaki zuen urtegiko urak erabiltzen hastea berriro, urtegiaren lindane kutsadura desagertua zela arrazoituta. Atzo, Barakaldoko auzotar eta talde ugarik agerraldi bat egin zuten, udalaren erabakia gaitzesteko. Lindanearen kutsadura, txikia izanagatik, kaltegarria dela ohartarazi zuten, eta Oiolako urtegiko urak «pozoituta» daudela salatu. Urtegiaren emaria etxeetako ur saretik eteteko eskaria egin dute, eta sinadurak batzen hasi dira helburu horrekin. Herritarrei eskatu diete, gainera, udalari kexak aurkezteko eta bandera beltzak zintzilikatzeko etxean, protesta seinale.

Oiolako urtegian lindanoa aurkitu eta ur hornidura saretik eten zuten 2008an. Handik hiru urtera berriz erabiltzeko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzak, kutsadura jaitsi zelakoan. Baimena eman eta gutxira berriz eten zuten, ordea. Abuztuaren 1ean berriz lotu zuten urtegiko ura hornidura sarearekin. Lindanoak, dagoeneko, oso presentzia txikia duela azaldu du Barakaldoko Udalak; ekologistek aurpegiratu diote, baina, lindanoa oso gai arriskutsua dela osasunarentzat, kopuru txikienean bada ere.

Atzoko agerraldiarekin, herritarrek eta talde ekologistek argudio bera errepikatu zioten udalari. Herritarren osasunarekin ez «jolasteko» esan zieten udal ordezkariei. Lindanoa gorputzean pilatzen dela eta ezin dela bertatik ezabatu oroitarazi dute. Europako Batasunak, gainera, 2015erako lindanoa guztiz desagerrarazteko helburua jarria duela ere ohartarazi dute, eta nabarmendu dute gaur egun ez dagoela planik abian helburu hori lortzeko.

Oiolako urtegia hornidura saretik hiru urtez etenda egon dela eta denbora horretan hornidura arazorik ez dela gertatu seinalatu dute taldeek. Hortaz, Oiolako urtegiko ura ez dela ezinbestekoa uste dute, eta trukean herritarrei sortzen dien arriskua handiegia dela berriz: «Ur partzuergoari gogogorarazi gura diogu erabiltzaileak garela eta ezin gaituztela behartu gure gain hartu nahi ez dugun arrisku bat hartzera. Gainera, lehen kobratzen zigutenaren berdina kobratzen digute».

Urtegiarekin gertatzen ari denari buruzko informazio kanpaina bat abiatuko dute talde horiek datozen egunetan. Sinadurak batzeko eta udalari eta Bizkaiko Ur Partzuergoari kexak aurkezteko kanpaina ere egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.