Ehunka gazte abiatu ziren atzo Untzagatik, independentziaren aldeko Gazte Martxarekin bat eginez. Igande arte oinezko ibilaldia egingo dute Aiarako lurretan, "independentzia eta gazteen eskubideak" aldarrikatzeko.
Hain justu, Untzagatik Urduñarako bidea egin zuten atzo goizean, eta han bazkaldu ondoren Mendeikara abiatu ziren han gaua pasatzeko.
Gaur goizeko etapan, berriz, Mendeikatik Amurriora joan dira, eta han ezker abertzalearen ekitaldian parte hartu dute. Hurrengo udal eta foru hauteskundeen inguruan ardaztu da ekitaldi hori, eta Mati Iturralde LABeko kide eta ezker abertzaleko hautagaia izan dute hizlari. Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartuko duela ziurtatu du Iturraldek, besteak beste, gazteen ekimenari esker, eta prozesu demokratikoak aurrera egin dezan ezinbestekoa delako.
Ondoren, Okondorako bidea hartu dute, han igaro behar baitute gaur gaua. Bihar, Aberri Egunez, amaituko da martxa, Laudion egingo dituzten ospakizun eta ekitaldiekin.
Atzo, martxa abiatzen zen egunean Guardia Zibilak trabak jarri zizkietela salatu dute antolatzaileek:Untzagara iritsi nahi zuten hainbat gaztekkontrolak izan zituzten errepideetan. Hala, Iruñetik abiatu diren bost autobus ordubete baino gehiagoz geldirik eduki zituzten, Altsasu (Nafarroa) baino lehen. Gasteizko noranzkoko bi bideak itxi, gazte guztiak identifikatu eta batzuk autobusetik jaitsiarazi zituzten.
Altuben ere Bilbotik zihoazen hainbat autobus gerarazi zituzten eta Arlabanen eta Etxegaraten ere kontrolak izan ziren.
Euskal Herrikoez gain, Espainiako zenbait lekutako, Herrialde Katalanetako, Irlandako, Sardiniako eta Alemaniako gazteak ari dira parte hartzen.
Informazio gehiago Gaztesarean.
Okondora bidean da Gazte Martxa
Amurrion geldialdia egin dute, ezker abertzalearen ekitaldi batean parte hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu