Azken-aurreko pausoa gainditu du Bidegiko ustezko irregulartasunak ikertzeko batzordeak. Ondorioen txostena aztertu eta bozkatu du batzordeak. Akordioa egin dute Bilduk, PPk eta Aralarrek, eta aurreko gobernuaren jarduna gaitzetsi dute.
Tentsio handiko batzarra izan da, eta salaketa ugari aurpegiratu dizkiote elkarri taldeek. Batzarraren aurretik, hala ere, karta guztiak mahai gainean zauden, akordioa egin baitute batzordea osatu zuten hiru taldeek.
Finean, bi atal nagusi ditu onartutako testuak. Batetik, frogatutzat jotzen du Basagoitiko biltegian ez dagoela dokumentuetan adierazitako kopururik; hortik ondorioztatu dute enpresa eraikitzaileei behar baino diru gehiago ordaindu zietela. Aldundiaren arabera, 3,4 milioikoa da gehiegizko kopuru hori. Horri lotuta, “arduradun politiko zuzenak” zein diren seinalatu dute: Markel Olano ahaldun nagusi ohia eta Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatua izan zena.
Bestetik, hemendik aurrerako bi ildo zehaztu dituzte. Ikerketa batzordearen ondorioak fiskaltzari igorriko dizkiote, hark esku har dezan ―Azpeitiko auzitegia ari da jada gaia ikertzen―. Gainera, datorren legealdirako hitza hartu dute hiru taldeek: ikerketa batzorde bat sortuko dute irregulartasun gehiago izan ote den argitzeko. Ohartarazi dute Basagoitiko biltegiaren gaia “izozmendiaren punta” besterik ez dela.
Gaur batzordean txostena onartuta, osoko bilkurara joango da orain gaia. Astelehenean egingo dute osoko bilkura. Uste izatekoa da Olanoren eta Goiaren gaitzespena aurrera aterako dela orduan ere, hiru taldeek elkar hartuta. Hurrengo egunean desegingo dituzte Batzar Nagusiak, hilaren 31n.