Olatuek behin eta berriro jo zuten euskal kostaldea aurreko udazken-neguetan, eta gaur bertan iritsi da oraingo lehen denboralea. Alerta laranja ezarri du Eusko Jaurlaritzak, itsasgorarekin batera arazoak izan baitaitezke. 07:20an eta 19:50ean dira itsasgorak. Goizean, bost metroko olatuak izan dira Donostian, baina, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ez dute kalterik eragin. Kostalde osoan, oro har, ez da aparteko arazorik izan.
Errepideei dagokienez, Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea itxi egin dute goiz partean, luizi baten ondorioz. Meagako gainetik bideratu dute zirkulazioa. 09:15etik bide bat zabalik dago.
Abisu horia emana zuten aurrez, baina atzo alerta laranjara igotzea erabaki zuen Segurtasun Sailak. Zehazki, itsasgora inguruko orduetan izango da alerta laranja; gainerako orduetan, abisu horia. Bihar ere, arratsaldera arte, olatu handiak izango direla uste dute.
Ternua eta Eskozia aldean arazo handiak izaten ari dira denboralearekin, Alexandra izeneko ekaitzagatik. Haizete eta olatu handiak sortzen ari da —Irlandan hamabost bat metroko olatuak espero dituzte—, eta horren eragina iritsi da gaur Euskal Herrira. Hala ere, Euskalmeten esanetan, "arinduta" helduko da frontea.
Kaleak itxita Donostian
Donostian, Salamanka pasealekua eta Pasealeku Berria, adibidez, itxita daude, badaezpada. Zaborrontziak ere kendu dituzte. "Tentuz" jokatzeko eskatu du udalak. Getxon (Bizkaia), krisi mahaia abiarazi du udalak.
Bihar goizean ere olatu handiak espero dituzte. Haizeteak bihar arratsaldetik aurrera izango dira; Euskalmeten arabera, oso gogor joko dute ufadek iluntzean eta gauean. Larunbatean eta astelehenean ere haizeak bizi joko duela azaldu du Euskalmetek. Euria iragarri dute astebururako.