Olatzagutian errausketaren aurkako aldarria bildu da

Udalerrien nahia bete, eta Portlanden xedea ez inposatzeko eskatu dute manifestazio batean

Atzo Olatzagutian egindako protesta. IÑIGO URIZ / ARGAKZI PRESS.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bi mila lagun baino gehiago bildu ziren atzo arratsaldean Olatzagutian (Nafarroa), Cementos Portland enpresak hondakinak erretzeko duen egitasmoaren aurka. Herritik atera zen mobilizazioa, eta lantegitik gertu bukatu zen.Errausketarik ez zen protestaren leloa. EHNE sindikatuaren traktoreek lagunduta egin zuten bidea manifestariek, errausketaren aurkako oihu artean. Horrez gain, sinadurak bildu zituzten, errausketa proiektuaren aurkako alegazioak jartzeko.

Manifestazioan bildutakoek Olatzagutiko herritarren eta inguruko biztanleen erabakiak errespetatzeko eskatu zuten. 40 udalerri errausketaren aurka agertu dira, Olatzagutikoa barne, baita leku gehiagotako hautetsiak ere. Osasunerako txarra izango dela eta Sakanako zein inguruko lurretako beste garapen eredu batzuen kalterako izango dela argudiatu dute udalerri horiek, besteak beste. Ordea, Nafarroako Gobernuak oniritzia eman dio proiektu horri. «Interes orokorreko» egitasmotzat jo zuen uztail hasieran, eta, horren bitartez, hutsean utzi zuen fabrika dagoen udalerriaren nahia.

3 Mugak Batera plataformak salatu du denbora gutxian FCC enpresak, hau da, Olatzagutiko zementu lantegiko jabeak «mozorroa» kendu behar izan duela, eta hondakinak erretzen hasi nahi duela aitortu. Hondakinak erre ahal izateko baimenen bila «itsu-itsuan» jo duela azaldu dute, gaur egun duen baimena ez baita nahikoa aurrera begira dituen asmoetarako.

36.500 tona hondakin

Hain zuzen ere, lantegiko jabeak duela zenbait aste hitzarmen bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuarekin, birziklatu ezin diren Nafarroako hondakinak Olatzagutian erre ditzaten. 36.500 tona hondakin izango zirela aurreratu zuen Nafarroako Gobernuak orduan, eta 3 Mugak Batera plataformak banaketaren berri eman du: 20.000 tona zabor eta 16.500 tona lohi, plastiko, pneumatiko... Horrez gain, plataformak gogorarazi du enpresak agindu zuela ez zuela egitasmoa aurrera eramango inguruko herritarren iritziaren aurka, ez zuela «inposatuko».

Nafarroako Gobernuarekin egindako hitzarmenean zehaztutako tona horiek erre ahal izateko, bi labeak erabili beharko ditu. Ordea, gaur egun duen baimenarekin eta azpiegiturarekin 16.000 tona baino ezin du erre. Hitzarmenean aurreratutako hondakin kopurua erre ahal izateko, ingurumen eraginari buruzko ikerketa egin beharko du, eta horretan ari dela jakinarazi du enpresak berriki. Horrez gain, hiru eta bost milioi euro arteko inbertsioa egin beharko du hitzarmenean zehaztutako hondakinak erre ahal izateko. Atzo Olatzagutian bildutakoek atzera egiteko eskatu zieten Nafarroako Gobernuari eta Portlandi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.