Arabako Biltzar Nagusiek ez dute ekimenik abiaraziko Olatzagutiko (Nafarroa) Cementos Portland lantegian hondakinak erretzeko egitasmoaren aurka. Lantegi hori Arabako mugatik lau kilometro eskasera dago, eta, kaltetutako lurraldea izan daitekeenez, zeresana izan dezake prozesuan. Hala ere, «indarrean dagoen legedia» errespetatzeko eskatu diote Biltzar Nagusiek Nafarroako Gobernuari, PPk, EAJk eta PSE-EEk onartutako mozioan.
Hiru alderdi horietako ordezkariek ikuspuntu ekonomikotik heldu diote egitasmo horren garrantziari. Hondakinak erretzen hastea funtsezkotzat jo dute lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko. Hiru alderdietako ordezkariek esan dute neurri hori hartu ezean lantegiko 150 lanpostu inguru eta lantegiari lotutako ehun postu gehiago gal daitezkeela. Ordea, onartutako mozioaren bigarren puntuan osasun publikoa bermatzeko «kezka» agertu dute.
Bilduko eta EB Ezker Batuko ordezkariek hondakinak erretzeko baimenaren kontra egin dute. Esan dute aldundiak horixe eskatu behar diola Nafarroako Gobernuari, eta gogorarazi dute Arabako Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralean ez dagoela onartuta hondakinak erretzea.
Lorena Lopez de Lacalle Bilduko biltzarkideak nabarmendu du egitasmoak kolokan jarriko dituela Arabako ekialdean abiarazitako egitasmo ekonomiko asko: lehen sektorean, landa turismoan... Nerea Galvez EBko biltzarkideak gaineratu du errauste plantaren egitasmoak ez duela onurarik ekarriko eskualdera, fabrikaren jabeari ekarriko diola.
Kritikak erabakiari
Alderdi politikoek eztabaidatu bitartean, 3 Mugak Batera plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten atzo, Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Bete beharreko legedia argitzeko eskatu diete PPri, EAJri eta PSE-EEri. Hain zuzen ere, Olatzagutiko herri ordenantzek ez dute babesten Cementos Portland lantegiaren egitasmoa. Ordea, Nafarroako Gobernuak udalerriz gaindiko garrantzia eman dio egitasmo horri, eta aurrera egiteko bidea eman.
Plataformak gogorarazi du Arabako Aldundiko Ingurumen eta Biodibertsitate zerbitzuak ere errausketak ekarriko lituzkeen kalteak aztertu dituela. Ikerketaren emaitzak «oso gogorrak» direla azaldu du. Ondorio horiek guztiek eskualdeko ingurumenari zein ekonomiari kalte egingo diotela gogorarazi du taldeak, eta aldundiaren jokabidea kritikatu: «Araban galarazita dagoen jarduera bat gure lurretik lau kilometrora baimentzea paradoxikoa iruditzen zaigu».
Bestalde, Aguraingo kuadrillak errausketaren aurkako mozioa onartu zuen atzo, eta horren aurkako neurriak hartzeko eskatu zion aldundiari.
Olatzagutian erraustearen alde dira Arabako biltzarrak
PPk, EAJk eta PSE-EEk bat egin dute Biltzar Nagusietan, eta legedia errespetatzeko eskatu diote Nafarroari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu