HONDAKINAK

Olatzagutian hondakinak erretzearen aurkako sinadura eman dute 7.800 herritarrek

Cementos Portland Valderribas lantegiari hondakinak errausteko baimenak emateko tramitazioak aurrera doazela, eta urte bukaerarako jaso ditzaketela azaldu du Hiru Mugak Batera plataformak.

2012ko abenduaren 14a
13:12
Entzun

Hiru Mugak Batera plataformak 7.800 herritarrek idatziak aurkeztu dizkio gaur Nafarroako Gobernuari. Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas lantegian hondakinak ez errausteko eskatu dute idatzi horien bidez.

Zementu lantegiari biomasa errausteko baimena eman zion Nafarroako Gobernuak iaz, maiatzean. Orain beste hondakin batzuk errausteko baimena eskatua du.

Nafarroako Gobernuak udalerriz gaindiko interesa duen proiektu gisa katalogatu du zementu lantegian hondakinak errausteko proiektua. Tramitazioaren azken zatian dago prozedura. Hiru Mugak Batera plataformako kideek uste dute urte bukaerarako emango diotela baimen hori lantegiari.

Aldi berean, egitasmoaren ingurumen baimen integratua eskuratzeko prozedura ere egiten ari dira. Hori ere urte bukaerarako emango dioten uste dute plataformako kideek. Hartara, baimenak eskuratuta, "laster" Olatzagutian hondakinak errausten hasiko diren beldur direla azaldu dute.

Baimenak eskuratuz gero, ordea, helegiteak jarriko dituztela eta auzitegietan beharrezko diren "urrats guztiak" egingo dituztela azaldu dute.

Hiru Mugak Batera plataformak Nafarroako Gobernuari gogorarazi dio 2006an beste 3.200 sinadura ere aurkeztu zituztela proiektuaren aurka, Sakanako herritar gehienak egitasmoaren aurka daudela, eta ehun udaletxe baino gehiagok adierazi dutela kontrakotasuna. Herritarren iritzia kontuan hartzeko eskatu diote gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.