•Ingurumen baimena. 2010eko urrian, Olatzagutiko Cementos Portland lantegiak hondakinak erretzeko ingurumen baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuari.
•Akziodunen batzarra. 2011ko maiatzean, Iruñean bildu ziren Olatzagutiko zementu fabrikako akziodunak. Alicia eta Esther Alcocer Koplowitz akziodun nagusiak bertan izan ziren, eta Dieter Kiefer enpresako kontseilari ordezkariak hala esan zuen bileraren bukaeran: «Esperantzak ditugu hauteskundeetan eta aldatzeko aukeran. Balorizatu [zaborra erre] egin nahi dugu; produkzio gastuak kontrolatu ahal izateko oso garrantzitsua da guretzat. Prest gaude beharrezkoak diren inbertsioak egiteko, baina babes lokala behar dugu».
•Barcinaren bisita. 2011ko maiatzean, Cementos Portlandeko akziodunen bileraren ostean eta hauteskundeen atarian, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernurako UPNren hautagaiak Olatzagutiko lantegia bisitatu zuen. «Alderdi eta sindikatu nazionalistak arriskuan jartzen ari dira Sakanako ehunka familiaren etorkizuna», adierazi zuen.
•Baimena. 2011ko ekainean, hauteskundeak pasatuta, egurra, kortxoa, egur azalak, txirbilak eta antzekoak erretzeko ingurumen baimena eman zion Nafarroako Gobernuak Cementos Portlandi. Olatzagutiko Udalak helegitea jarri zuen.
•Parlamentuan. 2012ko otsailean, Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuen Cementos Portlandek, UPNk eta PSNk eskatuta. Olatzagutiko plantako zuzendari Jose Antonio Garciak eta FCCko ordezkari Ignacio Elorrietak hitz egin zuten batzordean, eta azaldu zuten enpresari ezinbesteko zaiola labeetan hondakinak erretzea.
•Errauste plantarik ez. 2012ko martxo hasieran, PSNk Diario de Navarra kazetaren bidez jakinarazi zuen errauste plantarik ez dela eraikiko Nafarroan. Errausketaren kontrako herri mugimenduek salatu zuten Olatzagutiko zementu fabrika izango dela Nafarroako errauste planta. Zementu fabrikak martxoaren 3an erantzun zuen: «Taldeak ez du asmorik errauste plantaren alternatiba bihurtzeko». Enpresaren jarduera nagusia porlana egitea dela erantsi zuen, ez hondakinak tratatzea. Martxoaren 5ean enpresak webgune berri bat zabaldu zuen, erraustearen onuren berri emateko: www.sakanacementos.com/eu.
•Ingurumen baimen berria. Beste hondakin batzuk —pneumatikoak, hiri hondakin solidoetatik eratorritako erregaiak, araztegietako lohiak...— erretzeko ingurumen baimen berria eskatua du Cementos Portlandek. Errausketaren aurkariek salatu dute urtean 50.000 tona hondakin baino gehiago erre nahi dituela porlan fabrikak. 15.000 tona izango direla erantzun du enpresak.
•Ixteko mehatxua. Cementos Portland taldeak, 1.500 milioi euroko zor metatuari aurre egiteko, jakinarazi du denbora baterako itxi ditzakeela bere zortzi plantetatik bi; Lemoakoa —Bizkaian; enplegu erregulazioa egin zuen iaz— eta Olatzagutikoa tartean daude.
Olatzagutiko Cementos Portland, hondakinak erre nahian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu