Hondakinak erretzeko babesa eman dio Olatzagutiko Cementos Portland fabrikari Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren ustez, beharrezkoa da petrolioaz gain beste erregai batzuk erabiltzea Olatzagutiko porlan fabrikaren bideragarritasuna ziurtatzeko. Barcina Juan Bejar fabrikako zuzendariarekin bildu zen herenegun, eta hark fabrikaren egoera «larriaren» berri eman zion gobernuburuari. Zuzendaritza beldur da Cementos Portland enpresak Olatzagutiko lantegia itxiko ote duen.
2007tik, sektorearen produkzioak eta salmentak behera egin dute etengabe. Espainian, Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 54,7 milioi tona egin zituzten 2007an; iaz, berriz, 22,1 milioi tona ekoitzi zituzten. Irabaziak lortzen jarraitzeko, kostuak murriztea da estrategia. Horretarako, hondakinak erretzea da aukeretako bat. Izan ere, porlanaren produkzio kostuen %30 eta %40 artean erregaiek hartzen dute.
Olatzagutiko lantegiak hondakinak erretzeko ingurumen baimena 2010ean eskatu zion Nafarroako Gobernuari. 2011n egurra, kortxoa, egur azalak eta antzekoak erretzeko baimena eman zion. Orain, beste hondakin batzuk erretzeko baimena eskatu dio produkzio kostua jaisteko.
Olatzagutiko porlan fabrikan hondakinak erretzearen alde egin du Barcinak
Petrolioaz gain, bestelako erregaiak erabiltzea beharrezkoa dela uste du, lantegia bideragarria izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu