Nafarroako hiri hondakinentzat errauste plantarik ez dutela eraikiko adierazi zuen hilaren hasieran Roberto Jimenez gobernuko presidenteordeak, baina Hiru Mugak Batera Sakanako plataformak ohartarazi zuen Olatzagutiko zementu fabrikak hartuko duela errauste plantaren lekua, eta gaur Sakana, Lizarraldea eta Ameskoa haraneko hainbat alkate proiektu horren aurka azaldu dira.
"Olatzagutiko Cementos Portland enpresak hondakinak erretzeko proposamena mahai gainean dago, eta berriro esan behar dugu egitasmo horrekin ez gatozela bat, gure bailarako biztanleen bizi kalitatearen kontra jotzen duelako, besteak beste", esan dute alkateek. Zementu fabriketan hondakinak erretzeak "osasun, ekonomia eta ingurumenean kalteak" sortuko lituzkeela uste dute. Larunbatean arratsaldeko seietan Altsasun izango den manifestazioari atxikimendua agertu diote. Arabako Lautadako alkateek ere babestu dute martxa.
Hain justu, Sakanako mankomunitateak jakinarazia du hondakinak atez ate biltzen hasteko asmoa duela. Apirilerako txostena jasoko du, eta zabor bilketa sistema urtebeteko epean martxan jartzea espero du.