Gasteiz
Etxeko lanak eginda utzi dituztenek Goiuri jauregiko postontzian utzi diote gutuna Olentzerori. Hala ere, azken ordura arte idazteko ohiturarik ez dutenek ere izan dute euren aukera: ikazkina Gasteizko udaletxean egon da 11:00etatik 14:00etara, eta haurrek eskura eman ahal izan diote gutuna.
Iluntzean, urteroko desfileari ekingo dio Olentzerok. 18:00etan abiatuko da, Iparralde gizarte etxetik. Arabako hiriburuko erdiguneko kale nagusiak zeharkatuko ditu ikazkinak; Legutioko atea, eta Frantzia, Bake eta Olagibel kaleek osatuko dute ibilbidea, Plaza Berrira iritsi arte. Besteak beste, Arabako Dantzarien Biltzarrak, Folklore akademiak, Olabide ikastolak eta Indarrak parte hartuko dute. 19:00etan, Olentzerok han bildutakoak agurtuko ditu udaletxeko balkoitik, eta ostean, ikazkinaren kantua abestuko da.
Iruñea
Urtero legez, Iruñera 18:00etan iritsiko da Olentzero. Iturralde eta Suit kalean dagoen Arte Eskolako atetik aterako da. Eskolako atarian aurreskua dantzatuko zaio ikazkinari, eta ondoren hasiko du ibilbidea. II. Zabalguneko eta Alde Zaharreko hainbat kaletan barna ibili ondoren, ateratako tokira itzuliko da ikazkinaren desfile jendetsua.
Ikuskizunaren buruan Olentzero bera joanen da, eta atzetik, txistulariak, gaiteroak, fanfarreak, dantzariak eta hainbat abesbatza. Denera, berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute desfilean. Baina Iruñeko Olentzerok badu beste berezitasun bat, Leitzatik ekarritako ehun aberek ere parte hartzen baitute ikuskizunean. Tartean izanen dira bi idi, hainbat ardi, oilo, antzara, basurde eta euskal zerri. Desfilea iluntzeko zortzietan bukatuko da, Olentzerori eginen zaion agur bereziarekin. Agur jaunak abestuko diote, eta Zubietako joaldunek adarra joko dute, eta joareak astinduko dituzte. Antolatzaileek baserritarrez jantzita joateko eskatu dute.
Iruñeko beste auzo batzuetan ere aterako da Olentzero. Udalak ez die debekurik ezarri aurten, eta deusen okerrik ez bada, Olentzero Iturrama, Azpilagaña, Donibane, Alde Zaharra, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai, Etxabakoitz, Arrosadia eta Mendillo auzoetan ere ibiliko da.
Donostia
Gipuzkoako hiriburuko kaleetan ere izango da Olentzero gaur. Desfilea egin aurretik, 15:30ean, Trinitate plazara iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi. Han, ongietorria egin diete haurrek, eta ondoren, udaletxera abiatu dira. Udalbatzan haurrek idatzitako eskutitzak jaso dituzte. 16:00etatik 17:30era bitartean, berriz, gaztainak eta marrazkiak egongo dira Olentzero eta Mari Domingirentzat Alderdi Ederren.
Hiriko kaleak 18:00etatik aurrera zeharkatuko dituzte: Bulebarretik abiatuko dira, Ugartemendia plazaraino. Tartean, Hernani, Loiola, San Martzial, Getaria, Askatasunaren hiribidea, Txurruka, Gipuzkoa plaza, Elkano eta Bulebarra zeharkatuko dituzte.
Bilbo
Bilbon gaur ere izan da Olentzero. 11:00etatik 14:00etara Arriaga antzokian izan da haurrekin, eskaera guztiak entzuteko. Olentzero ez da erdigunean bakarrik geratuko, Bilboko haur guztien nahiei arreta jartzeko, auzoz auzo ibiliko da.