Bost urteko kartzela zigorra jaso du Mattin Olzomendik; lau urtekoa, berriz, Peio Irigoienek, azken honek urte bat duela sursiarekin. Horrez gain, funtzionario izatea debekatua zaie. Atzo eman zuen Parisko Auzitegi Korrekzionalak Beskoitzeko (Lapurdi) euskal preso politikoen aurkako epaia. Zigorrak «gogortzat» jo zituen Goxa Biju bi presoen aldeko sostengu batzordeak.
Iazko martxo bukaeran atxilotu eta preso sartu zituzten bi gazteak, eta ordutik kartzelan segitzen dute. Etxe agentzia zenbaiten kontrako erasoetan parte hartzea leporatua zaie. Iazko martxo bukaeran atxilotu zituen Frantziako Poliziak, beste sei gazterekin batera. Beste seiak askatu, eta bi lapurtarrak preso sartu zituzten.
Askatasunak «fermuki» salatu du zigor epaia. «Frantses estatuak, Euskal Herrian abian den prozesu demokratikoari muzin eginez, errepresioaren bidea hautatu du. Bide horrek etsipena eta sufrimendua besterik ez dituelarik ekartzen», adierazi du prentsa ohar baten bidez.
Bakartze egoera
Irigoien Nanterren da preso eta Olzomendi Chateaurouxen, hurrenez hurren etxetik 785 eta 536 kilometrotara. Olzomendi bakarturik daukate azken hiru hilabeteetan. Olzomendiren egoera salatu du, halaber, Askatasunak. «Châteauroux-en presondegiratua da, familia eta lagunengandik urrun, eta Euskal Preso Politikoen kolektibotik erabat barkartua», nabarmendu du. Uztailaren 6an iragan zen epaiketa, Parisko Auzitegi Korrekzionalean. Goxa Biju sostengu batzordeak antolaturik, elkartasunez, autobus bat abiatu zen Baionatik. Guztira 90 bat lagun ziren bertaratu.
Olzomendik bost urteko kartzela zigorra jaso du; Irigoienek, lau urtekoa
Uztail hasieran epaitu zituzten, Parisen, bi lapurtar gazteak; atzo eman zuen auzitegiak epaiaren berri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu