Hodei Egiluz topatzeko "itxaropena" dute haren gurasoek, Anberesen bertako Poliziarekin, auzia ikertzen ari den fiskalarekin eta Joaquin Almuniarekin bildu ostean. "Lekuko askok deitu dute esanez Hodei ikusi dutela. Badakigu Polizia ona izan daitekeen arrasto bat ikertzen ari dela. Ezin dugu askorik kontatu, dena sekretupean dagoelako", azaldu du Pablo Egiluzek.
Haren esanetan, Almuniak "elkarlana eta erakundeen babesa" eskaini die. Poliziaren ikerketaz, berriz, uste du "ahalegin handia" egiten ari dela desagertutako gaztea topatzeko, baina "baliabide falta" antzeman du; ikerketa "gehiegi" luzatzen ari dela esan du.
Urriaren 19an desagertu zen gazte galdakoztarra, Anberesen (Flandria), eta harrezkero hainbat erakundetako ateak jo dituzte ikerketak aurrera jarraitzeko eskatuz. Anberesen bertan ere izan ziren martxoan, desagertu eta bost hilabetera.
Zazpi hilabete hauetan Egiluzen senide eta lagunek hainbat ekimen egin dituzte Euskal Herrian eta atzerrian ikerketari eusteko eskatuz; Anberesko kaleetan eta Galdakaoko bilkuretan egoteaz gain, Egiluzen argazkia hainbat kirol ekitalditan izan da. Apirilean, desagertutako pertsonen inguruko topaketa batzuetan parte hartu zuten gurasoek.
Galdakaoko Udalak otsailean aho batez adierazpen instituzional bat onartu zuen, eta hori bera beste erakunde batzuetara bidali dute babesa jasotzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzak bi egun geroago onartu zuen mozio hori bera, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ere agertu zioten babesa.