Galdeketarako lege proposamenaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean

Onartu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa egiteko lege proposamena

Espero bezala, EAJko, EAko, EBko eta Aralarreko botoez gain, EHAK-ko legebiltzarkide baten aldeko botoarekin jo dute ontzat urriaren 25ean kontsulta egiteko egitasmoa, gehiengo soilaz. Buletin ofizialean irtetean, Espainiako Gobernuak helegitea sartuko du eta egitasmoa behin-behinean gelditu egingo da automatikoki. "Erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu, hobeto bizitzeko, eta bidea irekita dago", esan du Ibarretxek. "Hemen ez dago arazo juridikoa; arazoa, borondate politikoa da".

2008ko ekainaren 27a
15:26
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den irailaren 28an aurkeztu zuen exekutiboaren izenean aurtengo urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketa egiteko lege proposamena, harrezkero Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahi izan du, honek ezezkoa eman dio, eta gaur aipatutako proposamena bozkatzera eraman du. Eta ontzat jo du Eusko Legebiltzarrak, gehiengo soilaz.

Emaitza jakinekoa zen aurretik, atzo EHAK-k zer egingo zuen argitu ondotik: lege proposamenak aldeko 34 boto izan ditu (EAJ-EA-EB gobernuko 32 -22, 7 eta 3-, Aralarreko 1 eta EHAK-ko 1 -Karmele Berasategirena-), kontrakoak 33 (PSE-EEko 18 eta PPko 15), eta EHAK-ko beste zazpi legebiltzarkide abstenitu egin dira (talde horretako beste bat falta zen saioan -Maite Aranburu-, amatasunagatik). 13:10ean egin dute bozketa.

Hala, beraz, herri galdeketarako lege egitasmoa lege bihurtu da, eta Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren 29. urtemugan egin nahi du bozketa, larunbatarekin. "Ia 30 urte pasatu dira estatutua onartu zenetik, eta bete gabe jarraitzen du", salatu du gaur Ibarretxek, Espainiako Gobernuak eskumenak eman gabe segitzen duela-eta. "Egoera desblokatu egin nahi dugu, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko".

Espainiako Gobernuak, baina, gaur ere esan du legearen kontrako helegitea sartuko duela Auzitegi Konstituzionalean, Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela iruditzen zaiolako eta Gobernuaren baimenik ez duelako jaso. Legeak EAEko buletinean irteten duenean sartuko du helegitea Gobernuak, gaur Eusko Legebiltzarreko bozketaren ondoren Maria Teresa Fernandez de la Vega presidenteordeak jakinarazi duenez, eta une horretan bertan egitasmoa automatikoki gelditu egingo da behin-behinean. "Etorkizunik ez du galdeketak eta, Ibarretxeren lehen plana bezala, kaxoira itzuliko da", adierazi du De la Vegak. Auzitegiak bost hilabete edukiko ditu erabakia hartzeko.

Ibarretxeren hitzaldia

"Guk ez dugu nahi inposatutako elkarbizitzarik. Erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi dugu, hobeto bizitzeko. Eragozpen juridikoak edo atzerapenak izan ditzake, baina hauek antzuak izango dira. Euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko bidea, irekita dago". Hala esan du gaur Eusko Legebiltzarrean Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, galdeketarako lege proposamena defenditzean. "Kontsultak ez du demokrazia ahultzen; sendotu egiten du".

9:30ean hasi da osoko bilkura, eta orduerdiko hitzaldia egin du Ibarretxek. Euskaraz hasi du saioa -gazteleraz eta euskaraz aritu da gero-, eta "barne zirrara handia eta ohorea" sentitzen duela esan du. Lehendakari batentzako "herriari hitza" ematea "errespetu adierazpen handia" dela nabarmendu du. Hamarretan hasi dira beste taldeak hizketan.

2010era bitartean "akordio politikoak" lortu nahi dituztela esan du lehendakariak, "orduan, indarkeriarik gabeko egoeran, erreferendum loteslea egiteko".

Bake prozesuek "porrot" egin duten arren, "bakearen eta elkarbizitzaren alde lanean segitu" beharra dagoela adierazi du, eta Jaurlaritza horretan ari dela. "Esan genuen gatazkaren konponbidean aurrera egiteko euskal gizarteari hitza emango geniola. Beraz, hitza bete egingo dugu".

Azkeneko hamar urtean Europan ehundaka galdeketa egin dituztela nabarmendu du, Ameriketako Estatu Batuetan hamar mila egin direla, eta "hemen" zergatik ez den egin behar.

"Kontsulta ez da dramatikoa"

Galdeketa "demokratikoa, zilegia, legezkoa eta etikoa" dela adierazi du Ibarretxek. "Herritarrei iritzia eskatuko zaielako da demokratikoa eta alderdi politikoen artean akordioa lortu nahi delako. Zilegia, Gernikako Estatutuak herritarrek bizitza politiko, sozial, kultural eta ekonomikoan parte hartzeko eskubidea dutela dioelako. Legezkoa, ez delako lotestea, ez delako erreferenduma. Eta etikoa, indarkeriaren bukaera nahi delako. Beraz, kontsulta ez da dramatikoa". Lehendakariak azpimarratu du "dramatikoa, indarkeria" dela.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen jarrera kritikatu du, "parlamentu honi errespetu falta handia baitio, galdeketa geldituko duela esana baitu, baita lege proposamena onartu aurretik ere. Nik proposatu nion akordiorako ituna, baina ezezkoa eman zidan. Hemen ez dago arazo juridikoa; arazoa, borondate politikoa da".

Euskal gizartea "modernoa" dela iritzi dio Ibarretxek, eta "normaltasunez" hartu duela galdeketa egiteko proposamena. "Hau paradoxa, herritarrak lasai dauden bitartean, politikariak, urduri".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.