ANALISIA

Oñatitik Bolognara

Asier Iturriagaetxebarria.
2005eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriak unibertsitate ikasketak izateko ahalegin bat baino gehiago izan dira historian zehar, 1540. urtean Rodrigo Mercado de Zuazolak Oñatiko Unibertsitatea sortu zuenetik. Geroago etorri ziren Bergarako Errege Seminarioa edo oraindik bizirik dagoen Deustuko Unibertsitatea. Baina unibertsitateak sortzeko makina bat ahalegin izan dira: XIX. mendean Nafarroako Aldundiak sustatuta Hegoaldeko lau herrialdeak hartuko zituen unibertsitatea edo Agirre lehendakariak 1936an egindako saioa, esaterako.

Horien guztien oinordekotzat jo dezakegu gaur 25 urte betetzen dituen Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Mende laurdena baino ez da, baina Oñatitik Bolognarako tartea beteko litzateke EHUren gorabeherak kontatzen erabili diren arkatzak jarriko bagenitu. Izan ere, gatazka terminoak erabat baldintzatu du unibertsitate publikoaren historia labur baina emankorra. Gregorio Monrealen eta Emilio Barberaren hastapen korapilatsuen ostean, apurka-apurka baretzen joan da EHUko giroa, sarritan kanpotik begiratuta barealdi gutxi izan dela dirudien arren.EHU egonkortuz joan da, baina oraindik egitekoak geratzen dira, haien artean bat, funtsezkoa: euskara erabat normalduta izango duen egitura izatea, Euskal Herri osoa hartuko duena. Bestalde, bere historian izan duen erronkarik handienaren aurrean da orain unibertsitate publikoa. Izan ere, Europako unibertsitateen homogeneizazio prozesuari edo Bolognako Hitzarmenak agindutakoari heldu beharko dio, 2010. urterako. Ez da lan samurra izango, Europako unibertsitate entzutetsuenekin lehiatu beharko delako. Horretarako, beharrezkoa izango du gizartearen eta Administrazioaren babesa. Lehia horretatik ez da EHU bakarrik garaile aterako. Gizartea ere garailea izango da, aurrebiderako altxorra izango duelako esku artean: asko eman eta zabaltzen duen unibertsitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.