«Herritarrek eraiki eta mantendu dituzten elizak, baselizak, apaizetxeak eta hilerriak, eta landu zituzten soroak eta larreak erakunde batek bereganatu ditu. Eta larriena da legez egin dutela». Haserre agertu dira Olentzero eta Hiru Erregeak. Agerraldi bateratuan, kritika nori egiten dioten zehaztu dute: «Iruñeko Artzapezpikutzak ez du ongi jokatu, eta horregatik ikatza jasoko du aurten». Urtarrilaren 1ean, Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformaren izenean, ikatza eramango dute Iruñeko artzapezpikutza parera, eta kontzentrazioa egingo dute bertan. Hilaren 11n, berriz, Elizak Lizarra (Nafarroa) herriaren aurka hasi duen «gerratearen» lehenengo «bataila» izango dela adierazi dute; kontzentrazioa egingo dute bertan.
Nafarroako artzapezpikutzak bere izenean hartu dituen 1.087 ondasunak dira kexuaren zioa. «Herritarrek egin dituzten eraikin handiak, elizak, baselizak, landutako lurrak, hilerriak, frontoiak; auzolanean egindakoak eta kontserbatutakoak». Horiek bere izenean jarriz, Eliza Nafarroako «higiezin enpresa handiena» bihurtu dela salatu dute. «Errege Magoak eta Olentzero kale publikoetan agertzen gara, plazetan egoten gara, eta ez dugu nahi gure irudiak enpresa horrekin bat egitea». Eguberriak elkarbanatzeko eta elkartasunerako garaiak direla gogoratu dute: «Etaherritar guztiena dena bakarrik elkar banatzen da».
«Pobrezia eta elkartasun adibide izan beharko litzatekeen erakunde batek ondare guztiak bereganatu ditu, inor konturatu gabe», salatu dute. Hiru Erregeak eta Olentzero apaltasunaren eta elkartasunaren irudi dira, baina elizak «herritarren kontura» ondasunak bereganatzeko politika egiten duela esan dute. «Belengo estalpea edo Olentzeroren etxola» ez direla inoiz jabetzaren erregistroetan izendatu esan dute.
«Herriarentzat»
Herritarrek egin dutena herritarrei eta herriei dagokiela gogorarazi du Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformak, eta ondare horiek itzultzeko eskatudio artzapezpikutzari. Horren ostean, horien erabilerari buruz eztabaida izateko aukera izango dutela gogorarazi dio. Urtarrilaren 1ean Iruñeko artzapezpikutzaren parean 17:00ean egingo dute kontzentrazioa. «Egoera hau ez bada aldatzen, azkenean copyrighta jarriko dizkiete gure koroei eta Olentzeroren txapelari», salatu dute, umoretsu baina kritiko. Denbora luzea darama plataformak Elizaren postura kritikatzen.
Ondarearen defentsan, Elizari kargu hartuko diote protestetan
Iruñeko artzapezpikutzan egingo dute protesta urtarrilaren 1ean; hilaren 11n, Lizarran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu