Kale erasoa

Ondarroako batzordeko lehendakari Felix Aranbarriren autoa erre dute

Duela zenbait urte ere erre zioten; Ondarroako alkatea zen orduan, EAJren ordezkari.

2007ko urriaren 18a
13:44
Entzun
Ondarroako (Bizkaia) Udala gobernatzen duen batzordeko lehendakariaren autoari su eman zioten atzo iluntzean. Felix Aranbarri jelkidearena da autoa. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, 21:40 inguruan Ondarroako Txorierreka kaleko aparkalekuan auto bat erretzen ari zela ohartarazi zieten. Gerturatzean jakin ahal izan zuten Aranbarrirena zela. Autoa kiskalita geratu zen, eta alboan zituen beste auto batek kalte arinak izan zituen.

Aranbarrik berak albistea jakin ostean atzo gauean Radio Euskadin agertu zuenez, bigarren aldia da autoa erretzen diotela. Ondarroan alkate izandakoa da EAJtik Aranbarri, eta orduan ere erre ziotela esan zuen. Atzokoaren ostean, aurrerantzean segurtasun neurri estuagoak hartuko baditu ere, orain arte moduan lanean segituko duela berretsi zuen.

Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan EAE-ANV izan zen Ondarroan alderdirik bozkatuena, baina Espainiako auzitegiek baliogabetua zuten. Beste alderdien artetik inork ez zuen kargurik hartu -PPkoak salbu- eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa eratu zuen uztailean. Ordutik da bertako lehendakari Aranbarri. EAE-ANVk ez du ordezkaririk batzordean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.