Planeta urdinean, ura ondasunik oparoena den munduan, 1.200 milioi pertsonak ez dute aukerarik edateko ura eskuratzeko. «Teknologian egin ditugun aurrerapenak ikusita, lotsagarria da jende horrek guztiak ura eskuratzeko ahalmenik ez izatea». Ura lortzen dute, baina ez edateko modukoa, hainbat gairekin kutsatutakoa baizik. Eta gizakiaren erantzukizuna da hori, hark eraman duelako ekosistema «hondamendira».
Zaragozako Unibertsitateko (Espainia) Zientzia Fisikoetako doktore eta irakasle Pedro Arrojok paradoxa horrekin abiatu zuen atzo uraren beste kultura baten aldeko defentsa. Bestelako kudeaketa baten beharraz jardun zuen Donostiako Aquariumen, eta, gero, mahai inguru bat egin zuten Joserra Diez EHUko irakasleak, Alejandra Romo eta Aines Arizmendi Surfrider Europe elkarteko kideek, Eva Garcia Balaguer Nafarroako Uraren Foroko koordinatzaileak eta Arrojok berak. Hitzetatik Ekintzetara izeneko hitzaldi eta mahai inguru sorta bat antolatu du Gazte Ekoliderrak sareak, eta, ura ez ezik, hizpide izan dituzte energia, bestelako ekonomia ereduak, prozesu parte hartzaileak, hirigintza eta elikagaien subiranotasuna.
Uraren krisian, hiru zutabe nabarmendu ditu Arrojok: iraunkortasuna, pobrezia eta gobernatzeko era; eta elkarri eragiten diote hirurek. Ura zenbat eta kutsatuago, gaixotzeko orduan eta arrisku handiagoa dute ur hori garbitzeko baliabiderik ez dutenek: «10.000 pertsona hiltzen dira egunero diarreak jota». Horiek hil baino lehenago, ordea, arrainak eta igelak hil ziren kutsatutako uretan. Horrek bi interpretazio egitera bultzatu du Arrojo: batetik, horien galera hondamendi ekologiko bat da; eta, bestetik, desagertzen hasi zirenean, gizakiek ez zioten horri erreparatu ere egin, ez ziren konturatu ingurumena okerrera egiten ari zela.
«Inork ulertuko al luke arnasten dugun aireagatik kobratzen hastea?». Horrela azaldu du Arrojok bizirauteko oinarrizko elementu bat negozio bilakatu dela. Ura pribatizatu izana salatu du, eta, gogorarazi duenez, Nazio Batuen Erakundeak esana du giza eskubide bat dela edateko ura eskura izatea. Hortaz, urak doakoa izan behar duela esan du, eta hori egiten duena «harro egoteko moduko herrialdea, demokratikoagoa» izango litzatekeela erantsi.
Gerora begira, uraren kultura berriak izan beharreko zutabeak zehaztu ditu Joserra Diezek. Lehentasunezkotzat jo du ibaiak, ibaiertzak eta hezeguneak zaintzea, uraren kalitateari eta ekosistemari eusteko. Horrela berma daiteke edateko ura eta bioaniztasuna izatea. Eraginkortasunaren alde egin du, ohiko eskaintza estrategiak baztertu eta ur eskaera kudeatzen hasteko. Azkenik, Diezek beharrezkotzat jo du lurralde antolaketa aintzat hartzea, ura eta lurra «bikotekide banaezinak» direlakoan.
Zuzentaraua eredu
Europako Batasunak 2000. urtean uraren kudeaketaren inguruan onartutako zuzentaraua izan dute ahotan Diezek eta Arrojok. Ibaien, lakuen eta hezeguneen egoera ekologikoa leheneratu eta horri eustea du helburu zuzentarauak. Arrojoren arabera, «berekoikeria argia» izatearen ondorioz onartu zuen zuzentarau hura Europako Batasunak: «Ikusi zuten kutsadura, sarraski ekologiko bat izateaz gain, astakeria ekonomiko bat ere badela». Diezek bere egin ditu zuzentarauaren asmoak, eta, legea lurraldeetan indarrean jartzeko, beharrezkotzat jo ditu parte hartze publikoa eta erakundeen gardentasuna.
Zuzentarau hori Nafarroan aplikatu eta betearazteaz arduratu da Eva Garcia Balaguer, eta hark ere nabarmendu du zein garratzitsua den herritarrek parte hartzea. Lanean aritu da Beran eta Arangurenen Europako Batasuneko legea bete dezaten, Bidasoa eta Sadar ibaien kudeaketan, eta antzeman du, alor ugaritako teknikarien parte hartzea ez ezik, herritarrena ere beharrezkoa dela; finean, horiek dakitelako hobekien beharrak zein diren. Lankidetzan, herritarrek uraren inguruan dituzten beharrak zehaztu zituzten, eta, gero, behar horiek asetzeko bidean urratsak egin. Diezek esandakoarekin bat dator Garcia Balaguer; hain zuzen, uraren eskaera kudeatzearekin. Gainera, jendeak erakutsitako interesa txalotu du: «Beste kontu batzuetan mobilizatzea zaila bada ere, uraren kudeaketak kezka eragiten die askori; parte hartzera bultzatzen ditu».
Surfrider Europe elkarteak ingurumenaren alde egiten duen lana azaldu dute Alejandra Romok eta Aines Arizmendik. Uraren kalitatea neurtzeaz arduratzen da taldea, eta, urte osoan, kutsadura bakteriologikoaren azterketa bat egiten du. Kostako hainbat eremutako laginak hartzen dituzte ondoren aztertzeko, eta horren garrantziaz ohartarazi du Arizmendik: «Europako Batasuneko 2005eko lege bat martxan jartzean, Europako hondartzen %5 itxiko dituzte uraren kaltitate kaskarra dela eta».
Itsasoa kutsatzen dutenen aurka egiten du elkarteak, horiek auzitara eramanez. Hidrokarburoak portuetan askatu ordez legeei entzungor egin eta erregaiak itsasoan botatzen dituzten ontzien aurka salaketak jartzen dituzte; jakinarazi dute dagoeneko hamabost auzi badituztela irabaziak. Horrez gain, heziketa lana funtsezkoa da Surfrider Europe elkartearen jardunean, eta, horretarako, hondartzak eta kostaldea garbitzeko lan taldeak osatzen dituzte, herritarrak jabetu daitezen horien jokabideak ingurumenean duen eragina.
Ondasunik oparoenaren krisia
Urik ez da falta munduan, baina milioika pertsona hiltzen dira kutsatutako ura edateagatik. Uraren beste kultura baten beharraz jardun dute aditu ugarik Donostian, 'Hitzetatik Ekintzetara' hitzaldi sortan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu