Ondo hiltzen ikasteko hitzak

Usu nahasten dira heriotzarekin eta hilurrenekoen zaintzarekin lotutako hainbat kontzeptu. Komeni da nahaspila horretako hitzak taxuz bereizten ikastea, azken unea datorrenerako.

arantxa iraola
2014ko ekainaren 8a
07:51
Entzun

Heriotza «duinari» buruz hitz egiten da usu. Ez du gogoko kontzeptua Koldo Martinezek (Eskoriatza, Gipuzkoa 1953). 'Duintasuna' ulertzeko erak askotarikoak izan daitezkeenez, egokiagoa iruditzen zaio «ondo hiltzeaz, lasai hiltzeaz» jardutea. Medikua da; bioetika gaietan aditua. Haren azalpenak lagun, hona bizitzaren amaierarekin lotutako hainbat kontzeptu argitzeko hiztegia.

HILURRENEKO GAIXOA

Definitzeko orduan zalantza handien eragiten duten hitzetako bat da, Martinezen ustez, eta bioetikaren adar honek sortzen dituen zalantzen motibo nagusia. «Medikuon artean ez dago adostasunik, baina gehienetan hartzen den definizioa da sei hilabeteko bizitza pronostikoa duen paziente bat dela hilurreneko eria», azaldu du. Definizio horren atzeko zalantzak ez ditu ezkutatzen, ordea. «Pronostikoak egiten oraindik hanka sartzen jarraitzen dugu maiz medikuok; ez gara gai doitasun osoz egiteko. Ez dugu tresnarik horretarako».

Eutanasia.

'Eutanasia' hitzaren zakuan sartzen dira usu bizitzaren amaierarekin lotutako beste hainbat kontzeptu ere. Baina esanahi zehatza du. Hara Koldo Martinezen hitzetan: «Prozedura mediko bat da, non sendagile batek paziente baten eskariari erantzuten dion droga bat jarriz, eta droga horren bidez heriotza zuzenean eragiten dion». Oso toki gutxitan dago legez araututa, eta jardunbiderako araudi oso zorrotzek zedarritzen dute, beti, egiteko modua. Tokian-tokian aldatzen dira, baina, oro har, eriak bolada luze batean egindako eskaria izan behar du, libreki eta kontzienteki egina, eta mediku talde batek onetsi egin behar du gero.

TRATAMENDUA LAGATZEA EDO EZ HASTEA

Pazienteari, berak halaxe eskatuta, duen eritasuna ez tratatzea da. Erien eskubide bat da. «Edo tratamendua hasita ere, pazienteari ez diola onurarik ekartzen ikusten bada, proposa dakioke berari, edo haren sendiari, tratamendu hori kentzea», azaldu du Martinezek. Mina eta sufrimendua arintzeko botikak ematen zaizkie hautu hori egin duten eriei, baina ez gaitza tratatzekoak. Sendabiderik gabeko eritasunen ondorioz hilurren dauden gaixoekin sarritan egiten da: «Legez onartuta dago; moral aldetik ere bai».

SUIZIDIO LAGUNDUA

Eutanasiatik oso gertu dagoen praktika bat da. Ezberdintasunik handiena da eutanasian medikuak berak jartzen dizula injekzioa, eta hil egiten zarela», adierazi du Martinezen. «Suizidio lagunduan, aldiz, medikuak errezeta bat egiten dizu, zuk pilulak zure etxera eramaten dituzu, sartzen dituzu gau mahaian, eta nahi duzunean hartuko dituzu, edo ez dituzu hartuko. Hori da ezberdintasunik sakonena. Eutanasian agente aktiboa medikua da; suizidio lagunduan, pazientea: berak erabakitzen du medikuak errezetatutako pilulak hartuko dituen, edo noiz hartuko dituen». Praktika hau ere toki gutxitan dago onartuta, eta, eutanasiaren kasuan bezala, hainbat baldintza bete behar dira egiteko.

Sedazioa.

«Pertsona bati konortea galaraztea da sedazioa», azaldu du Martinezek. Botiken bidez egiten da. Hil hurren dauden eriek izaten dituzten asaldura uneak eta eldarnioak baretzea izaten da sedazioaren helburu nagusia. «Droga bat ematen zaie zentzua galduz joateko». Medikuntzan, oro har, erruz erabiltzen dira sedazioak, klase askotakoak; hilurrenean dauden pazienteekin egiten direnek aparteko ezaugarriak dituzte. «Badira hainbat pertsona kontzienteki hil nahi ez dutenak, eta sedazioa eskatzen dute». Hain zuzen ere, sedazio horien helburua «ondo hiltzen laguntzea» dela dio: «Kontzientzia galduta». Beti pazientearen edo senitartekoen onespenarekin egiten dira sedazio mota horiek, eta heriotzako unea oso hurbil denean. Sedazio klase horrek heriotzako unea pixka bat bizkortu egiten du kasurik gehienetan. Baina oso tarte laburra izaten dela dio: «Ordu pare bat-edo besterik ez».


BIZI TESTAMENTUA

Adin nagusikoa den edozein pertsonak egin dezakeen dokumentu bat da, eta bertan idatziz esan daiteke nola nahi duzun tratatua izan zure bizitzako azken uneak iristen direnean», azaldu du Martinezek. Era horretan, pertsona horrek inoiz eriturik kontzientzia galtzen badu, dokumentu hori bide erakusle izaten da mediku eta senitartekoentzat. Eragozpen handi bat duela dio:«Bizi testamentu on bat egitea oso zaila da». Ondorioz, bizi testamentu gehienen kalitatea «eskasa» dela dio. «Medikuok ere ez gaude trebatuta jendeak bizi testamentu onak egin ditzan laguntzeko. Eta heriotza oso une larria da, emozioz eta beldurrez betetakoa, eta horri aurre egitea, 20, 40 edo 60 urte ditugunean bizi testamentu on bat egitea, oso zaila da».Onartzen du, hala ere, agiria «gida» bat izan daitekeela azken unea datorrenerako.

Batzorde etikoak.

Instituzio askoren pean egoten dira, eta era askotakoak daude. «Etikaz zerbait dakiten pertsonekin osatzen dira. Normalean, profesionalak egoten dira, maila guztietakoak: medikuak, erizainak, jagoleak, eta abar. Eta herritarren bestelako ordezkariak ere bai»,esplikatu du Martinezek. Erietxeetan egoten dira, adibidez, tankera horretako batzordeak; horien zeregina «gomendioak» ematea izaten da; esaterako, paziente batzuen tratamenduen inguruan sortzen diren zalantza etikoak argitzea. «Baina ez bakarrik heriotzaren inguruan, baizik beste hainbat gairen inguruan ere bai. Erabakiak hartzeko gomendioak ematen dituzte betiere».

ZAINTZA ARINGARRIAK

Gaixotasun batek sendabiderik ez duenean egiten da zaintza aringarrietarako bidea. «Sintomak tratatzen dira», esan du Martinezek. Mina, eldarnioak, larrimina... Ohikoak izaten dira horrelakoak gaitza tratatzerik ez, eta hil hurren dauden erien artean, eta horiei zuzendurikoak izaten dira zaintza aringarriak. «Ez bakarrik pazienteari begira, baita ingurukoei begira ere», nabarmendu du Martinezek. Sedazioa da, adibidez, erabiltzen duten tresnetako bat. Analgesia ere bai, ahal bada, gaixoak ez oinazerik izateko.

Gaixoaren autonomia.

Azken 40 urteotan «demokratizatzera» egin dute erien eta sendagileen arteko harremanek. «Hasi gara esaten pertsona bat, gaixo dagoenean ere, kapaza dela erabakiak hartzeko, autonomoa dela, eta haren nahiak eta erabakiak errespetatu behar direla; hori da gaixoen autonomia», esplikatu du Martinezek. Autonomia horren barruan dago hiltzeko eraren ingurukoak erabakitzeko gaitasuna. «Medikuak informazioa eman behar dio, eta pazienteak horren arabera erabaki».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.