Tortura sistematikoki egiten dela onartu ezean, kalte-ordainez pentsatzea alferrikakoa iruditzen zaio Ibai Esteibarlandari. Istanbuleko protokoloa aplikatu diote, eta hori, «trantze egoeran berriro sartzea» bezala dela dio, bizitako infernua berriz gogora ekarri eta kontatu egin behar delako. Balioko duela uste du, baina ez dauka zalantzarik, protokoloaren aurretik beste neurri batzuk behar direla, torturarik ez egoteko, eta salaketak ikertzeko.
Segiren kontrako polizia operazioan atxilotu eta inkomunikatu zintuzten, eta torturak salatu zenituen. Zer egin zizuten?
Tortura jakin batzuk ziren. Ondo estudiatutakoak, eskuliburukoak. Fisikoki eta psikologikoki torturatu ninduten. Fisikoki gehienbat kolpeak, ostikoak, zaplaztekoak, buruan kolpeak eta horrelakoak. Psikologikoki batik bat mehatxuak eta desgastea: lorik egiten ez utzi, behin eta berriro galdera berdinak, guztiz nahastu... Oso ongi ikasitako teknika aplikatu zidaten, beste askori bezala.
Horren ondorioa zein da?
Momentuan guztiz umiliatuta eta erabat galduta sentitzea. Errealitatearen eta fikzioaren arteko marra galtzea. Zer gertatu den eta zer gertatuko den nozioa galtzea. Eta inkomunikazioko bost egun horien ondoren, erresaka bat, bai fisikoa eta bai psikologikoa ere. Gorputza guztiz minduta, aste pare batean hankak dena minduta, gihar minak, buruko minak, eta abar. Eta psikologikoki, pasatutako guztia berritzen zaude.
Markarik izan zenuen?
Ez, nik markarik ez nuen izan. Izatekotan, harramazkaren bat edo. Bai izan nuen saihets bat pitzatua-edo, mina izan nuen hiru lau astetan ohetik altxatzerakoan-eta. Baina markarik ez.
Kanpoko markarik ez, beraz. Baina barrukorik?
Hasiera batean blokeatu egiten dira marka horiek, eta ez dira agertzen, baina pixkanaka-pixkanaka ateraz joaten dira. Deskonfiantza, hoztasuna, autoestimu falta... Ezberdin bizitzen da hori espetxean edo kalean. Espetxean aurrera egin behar duzu, eta guztia blokeatzen duzu. Marka horiek kaxa batean gordetzen dituzu, eta ez dira ateratzen. Baina, kalera ateratzen zarenean familiarekin, lagunekin-eta berriro gauzak bizitzen hasterakoan konturatzen zara ez zaudela berdin.
Tortura salaketa jarri zenuen. Zein bide egin zuen salaketa hark?
Euskal Herrian beste hainbatek bezala, espetxeratu orduko idatzi nuen nire testigantza. Torturaren Aurkako Taldearen bidez salaketa jarri nuen. Polizia etxean auzi medikuaren aurrean ezer ez nuelako salatu, eta, beraien esanetan frogarik ez dagoenez, artxibatu egin zuten. Niri ez zidaten egin inongo galderarik, eta ez zuten inolako ikerketarik egin.
Zergatik ez zenuen salatu auzi medikuaren aurrean?
Barne gatazka bat daukazu. Momentuan irabaz dezakezuna eta gal dezakezunaren arabera erabakitzen duzu. Zaila eta gogorra da, badakizulako haien esku dagoen beste norbaitekin zaudela, eta kristoren egurra jasotzen ari bazara... Testuinguru horretan, ez kontatzea erabaki nuen hasieran, eta gero, errealitatea eta fikzioa nahasten hasi nintzenean... orduan jada bai ezetz!
Zure salaketa ikertu ez, eta gero zure kontrako salaketa jarri zizuten.
Fiskaltzak dio badirudiela ni gezurretan ari naizela. Torturen salaketa faltsua egiteagatik inputatu naute, eta bide judiziala ireki. Hor bai ari dira ikertzen.
Nolakoa da ikerketa hori?
Auzi medikuari eskatu zioten ikertzeko nik torturak jasan ahal izan ditudan edo ez. Hori bai, frogak eskatzen dituzte hiru urte pasatu direnean! Jakinda, arrasto fisiko eta psikologikoak, zorionez, gaindituz joaten direla.
Auzi horretan baliagarri izango al da Istanbuleko protokoloa?
Noski. Gezurretan edo benetan ari naizen ikertzen ari dira, eta guk frogatu behar dugu nik torturak jasan ditudala. Ondorio fisikoak ez daudenean, horretarako modu bakarra ondorio psikologikoak topatzen saiatzea da, jakinda hiru urte pasatu direla eta sintoma batzuk gaindituta ditudala.
Hala ere, benetan ari zarela frogatuta ere, zu ez zigortzeko balioko luke, ezta? Ez haiek zigortzeko.
Ni lasai uzteko; esateko, «Ibaik ez du salaketa faltsurik egin».
Orduan, salaketa faltsurik egin ez baduzu, frogatuta gelditzen da benetan ari zarela, eta, beraz, frogatuta gelditzen da torturatu egin zaituztela...
Horregatik, agian, ez dute hainbeste kontuan hartuko... Ikusiko da justiziak zeri begiratzen dion, egiari edo komenientziari...
Nahiz eta zure torturatzaileak ez dituzten zigortuko, egia esaten ari zarela aitortzea bada zerbait, ez?
Bai, noski. Egia onartzea nahi badugu, ez dugu gaur eta bihar guztia lortuko. Pauso bat izango litzateke, horrek eman dezakeen beldur guztiarekin. Esan nahi dut, guretzako aurrera pausoa bada, haientzat atzerapausoa da... Zerbait politikoa bihurtzen da, eta ez horrenbeste justiziazkoa.
Egiaz, errekonozimenduaz, onarpena eta kalte-ordainez ere hitz egiten hasi dira. Torturatuek zer jaso behar zenukete bide horretatik?
Torturatuek, beste hainbat errepresaliatuk bezala, eta kalte pertsonalak jasan dituen beste edonork bezala, errekonozimendu sozial bat beharko genuke. Egin digutenaren onarpen bat. Gero, mekanismo ugari izango dira hori konponduz joateko. Baina aurrena onartu egin behar dute sistematikoki torturatu dela.
Ibai Esteibarlanda. Torturatua
«Ondorio fisikorik ezean, psikologikoak aztertzea da tortura frogatzeko modua»
Torturatu egin zuten atxilotuta eduki zuten egunetan. Torturaren orban psikologikoa blokeatuta eduki zuen preso eduki zuten urte eta erdi inguruan, baina irten orduko konturatu zen ez zela pertsona bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu